Gipuzkoako Elbarritasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea da Elkartu. Aste honetan, Elkartuz topaketa egin dute Tabakaleran, dituzten bost lan esparruez hausnarketa egiteko.
Tabakalerako?Kultur plaza bete egin zuen Elkartuz topaketak, asteartean. (Argazkia: Elkartu)
Bost zutabe ditu Elkartuk pasa den urtean aurkezturiko ikerketak. Gipuzkoako Elbarritasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak elbarritasun egoeran dauden pertsonen egoera eta beharrak aztertu zituen. Horien inguruko hausnarketa sortzeko Elkartuz topaketa egin zuten. Iragan asteartean, topaketaren bigarren ekitaldia egin zuten Tabakalerako Kutxa Kultur plazan.
Hezkuntza inklusiboa, lan arruntaren eskubidea, irisgarritasun unibertsala, bizimodu independentea eta partaidetza soziala. Bost zutabe horietatik, irisgarritasunaren gaia sakon landu zuten astearteko topaketan. Irisgarritasun unibertsala. Berdintasuna urratsez urrats lelopean bi hitzaldi eskaini eta mahai-inguru bat egin zuten.
Topaketaren oinarria 1997an onarturiko Irisgarritasunaren Sustapenerako Legea izan zen. Hogei urteotan eman diren aurrerapausoak azaldu eta etorkizuneko erronkak zeintzuk diren argitu zuten. Hain zuzen ere, Elkartuk irisgarritasun politikek elkarte mugimenduaren ikuspegitik izan duten bilakaera azaldu zuen. Legea indarrean jarri zenetik, hirigintza, mugikortasun eta hezkuntza mailan asko hobetu dela azpimarratu zuten, baina gehiago direla erronkak lortu dena baino.
Consuelo del Moral Granadako Unibertsitateko Irisgarritasun Unibertsalaren Saileko Ikertzaile eta zuzendariak, ondare-ondasun eta irisgarritasunaren arteko lotura aztertu zuen. Tartean, Haizearen Orraziaren afera izan zuen hizpide. Bukatzeko, mahai-inguruan irisgarritasuna alor guztietan eta guztientzako nola landu daitekeen jorratu zuten.
Positiboa, anitza eta jendetsua izan zen topaketa, Elkarturen arabera. Herritarrak, elbarriak, eragile sozialak, hirugarren sektoreko ordezkariak eta erakunde publikoetako arduradunak hurbildu ziren Tabakalerara.
35 urteko ibilbidea
Laster 35 urte beteko ditu Elkartu federazioak. Elbarritasun egoeran dauden pertsonen elkarteen mugimendua koordinatzeko sortu zuten. Aldi berean, kolektiboari ikusgarritasuna emateko erabaki zuten batzea. Erakunde publikoen aurrera joateko bat egitea ezinbestekoa zela konturatu ziren.
Gaur egun, hamabi elkarte daude Elkartu federazioan. Gipuzkoa mailan, aldiz, 4.000 pertsonaren eskubideak defendatzen ditu. Hasi zirenetik, helburu nagusi bat izan dute: gizartea eraldatzea inklusiboa eta irisgarria izan dadin.
Alorrez alor xede eta lanketa berezituak dituzte. Lan esparruan, Elkarturen asmoa ez da babesturiko enplegua sustatzea. Beste edozein herritarrek bezala, lan arruntetara iristeko eskubidea bermatzea nahi dute. Hezkuntzari dagokionez, egoera asko hobetu dela uste dute. Gaur egun, geroz eta gehiago dira ikastetxe arruntetan ikasten dutenak. Lan munduan hobetu ez dena, lortu da hezkuntza mailan.
Urtero, topaketa bat
Iaz egindako ikerketa bidelagun izango dute datozen urteetan. Horretarako, Elkartuz topaketa urtero egiteko asmoa dute, definitu zituzten bost zutabeak lantzen jarraitzeko. Izan ere, gure gizarteari asko falta zaio irisgarritasunera iristeko.
«Proiektuak abian jarri aurretik ezagutu nahi ditugu»
Mikel Malcorra; Elkartuko zuzendaria
Donostia hiri irisgarria da?
Irisgarriak diren gauza asko ditu, baina ez ditugu balorean jartzen. Garraioari dagokionez, hiriko autobusen zerbitzua asko hobetu da. Nolanahi ere, badira beste alor batzuk hobetzeko. Etxebizitzekin dugu erronka handienetakoa. Donostia mailan, igogailurik gabe bizi diren 70 urtetik gorako pertsonak daude, mugikortasun murriztua dutenak. Era berean, elbarri batek alokairurako duen eskubidea ez dago bermatua. Etxebizitza publikoen menpe gaudela ematen du. Etxebizitza duin eta irisgarrien alde egin beharko luke udalak.
Hirigintza eta mugikortasun alorreko erabakietan parte hartzeko aukerarik duzue?
Proiektuen atzetik gabiltza beti, egia esan. Erronka berezia dugu guk ere, hirugarren sektorearekin eta erakunde publikoekin elkarlana sustatzeko. Proiektuak abian jarri aurretik ezagutu nahi ditugu, irisgarritasuna bermatu ahal izateko. Gure kolektibotik ekarpenak egin nahi ditugu. Gainera, Donostia estrategikoa da eta eredugarria izan behar da. Bertan erabakitzen dena Gipuzkoa mailara hedatzen da.
Elkartu bezala protestak egin izan dituzue. Horietako bat da Haizearen Orrazikoa. Irtenbiderik topatu duzue?
Duela asko eskatu eta aldarrikatu genuen elbarriek duten eskubidea eskultura bisitatzeko. Harbidea ez da batere irisgarria, eta horregatik protesta bat egin genuen iazko abenduaren 3an. Ondoren, udalarekin bildu ginen irtenbide bat bilatzeko.
Beraiek bi aukera proposatu zizkiguten. Batetik, kristalezko pasabide bat jartzea edo harbideko harriei buelta ematea. Lehen aukera baztertzeko eskatu genien, kristala labainkorra delako, eta pasabide bat jartzearekin, oinezkoak eta elbarriak bereiziko lituzkeelako. Gure harridurarako, bilera izan eta egun gutxira irakurri genuen prentsan alkateak harbideko harriei buelta emateko aukera baztertzen zuela.
Ordutik, ez dakigu zertan den egoera. Uste dugu kristalezko pasabidea jarriko dutela. Bistan denez, udalak garrantzia handiagoa ematen dio iritzi batzuei, irtenbide inklusibo bati baino.
Donostian bada proiekturik parte hartu nahi duzuena?
Badaude garrantzitsuak diren batzuk. Esaterako, Txomin-Eneako auzo berria. Udalari eskatu diogu hiriko auzo eredugarria izan dadila irisgarritasunari dagokionez.
Turismoa ahoz aho dabilenean, hiriko turismoa irisgarria da?
Legearen arabera, hoteletako gelen ehuneko bat egokituta egon behar du. Donostian badira garabiak dituzten hotelak. Horren bidez, elbarriei edo mugikortasun murriztua dutenei erraztasunak eskaintzen dizkiete. Ordea, turismo irisgarriaz ez da hitz egiten Donostian. Udalak turismo inklusiboaren alde egin beharko luke.
Irisgarritasun Plana berritzeko asmoa agertu du udalak. Beharrezkoa da?
Bai eta erabaki baikorra iruditzen zaigu. Egungo plana zaharkitua dago, eta berri bat egitea erabaki dute irisgarritasuna indartzeko. Udala dagoeneko lanean ari da elkarteekin.