Oletako bizilagunek txupinazoa jaurti dute jada. Igeldon, XXXVII. igoera herrikoiarekin hasiko dituzte sanpedroak, larunbatean. Altzan, uztailaren 2ra arte luzatuko da festa
Udako solstizioarekin batera, San Joan bezpera ospatzen dute hainbat auzotan. Baina ez hori bakarrik, jai giroarekin jarraitzeko grina piztu dute batzuek. Izan ere, Oletak dagoeneko txupinazoa bota du, eta Igeldok eta Altzak datozen egunetan hasiko dituzte festak.
Oletako jaietako buruhandi batzuk, herenegun, txupinazoa bota ostean. (Argazkia: L. Ferreira)
OLETAKO JAIAK
Pala txapelketen finalerdiak jokatu ostean, jaiak asteazkenean hasi zituzten; beraz, jada giro bikaina antzeman daiteke Oletan. Gaur goizean umeak izango dira protagonista, krosa (11:00etan) eta jolasekin (12:00etan eta 17:00etan).
Helduentzako kirola ere egongo da; zehazki, 18:30ean, emakumeen pala txapelketaren finala jokatuko dute, eta, 19:30ean, gizonena. Iluntzean, 21:00etan, afari herrikoia egingo dute auzoko plazan. Eguna amaituko dute DJ Riu XIV-en musikarekin, 23:00etan, eta San Joan sua piztuko dute 24:00etan.
Bihar kultur lantegia antolatuko dute gazteentzako, 11:00etan, eta txikientzako puzgarriak egongo dira futbol zelaian. IX. Patata Tortilla Lehiaketarekin batera, 13:30ean, lehenengo aldiz egingo dute apar festa. Bazkalostean, 16:00etan, mus lehiaketa jokatuko dute. Sardinak jan ahal izango dira 19:00etan, Gurea elkartearen konpartsak dantza erakustaldia egiten duen bitartean. Ordu txikitan, 00:30ean, dantza eta mozorro lehiaketa egingo dute.
Igandean, parrillaz egindako pintxo herrikoiak jarriko dituzte salgai, 12:00etatik aurrera, eta Altza Kantuz taldeak kontzertu korala eskainiko du ordu berean. Toka eta bote txapelketa egingo dute gero, 12:30ean, eta tute lehiaketa 16:00etan. Casares-Tomasene kultur etxeei esker, umeek antzezlan bat ikusteko aukera izango dute 17:30ean. Azkenik, 18:30ean, txokolate jatea egin eta jaiei amaiera emango diete.
San Pedro egunean, herri kirolak egingo dituzte; tartean, aizkolariak egongo dira herriko plazan. (Argazkia: Nagore Koch)Nagore Koch
IGELDOKO SANPEDROAK
Ttonttorro jai batzordeak herritarren parte hartzea sustatzea du helburu, eta horixe egiten du urtero sanpedrotan. Gaur erromeria izango dute herriko plazan, 19:00etan, Ieltxoko trikitixa eta panderoko ikasleen eskutik; eta, afaldu ostean, 22:30ean, San Joan eskeko koplariak irtengo dira eta sua piztuko dute.
Igandean, kirola izango da protagonista: 12:00etan, Igeldoko XXXVII. igoera herrikoia egingo dute, Ondarretatik Mendizorrotzera (7 kilometro); 17:30ean, areto futboleko finalak jokatuko dituzte; eta, 19:00etan, pala txapelketako finala.
Datorren asteazkenean, ekainak 28, binakako dardo txapelketa egingo dute 19:00etan, eta gauean, 22:30etik aurrera, Kalera eta Lauren kontzertuak eskainiko dituzte.
Ekainaren 29an San Pedro eguna ospatuko dute Igeldon. Hala, jaietako pertsonaiaren –Ttonttorro– igoera egingo dute, 12:00etan, buruhandiek alaituta. Jarraian, herri kirolak egingo dituzte, Idoia Etxeberria eta Gorka Etxeberria harri jasotzaileen eta Arkaitz Jauregi, Julen Kañameras eta Mugertza anaiak aizkolarien parte hartzearekin. Kirolak jarraipena izango du arratsaldean: 18:30ean, toka herrikoia; 19:30ean, eskuzko pilota partida (Santxo eta Aranguren, Urbieta eta Murgiondoren aurka); 20:00etan, idi-dema (Matxain eta Benta elkarren aurka, 2.000 kiloko harriarekin). Eguna amaitzeko, 23:30ean, Trikidantz taldeak erromeria antolatu du.
Ekainaren 30a haurren eguna izango da. Ttonttorro txikiren igoera ospatzeko jolasak egingo dituzte 11:00etatik aurrera; haur bazkari herrikoia 14:00etan, Txan magoa 16:30ean, eta haurren pilota txapelketako finalak 18:00etan. Eonian txarangak girotuko du poteoa 21:00etan, eta Igeldoko su artifizialak ikusteko parada egongo da 22:45ean. Oharkabe taldeak dantzaldia eskainiko du gero.
Uztailaren 1ean, berritasun bat egongo da Igeldoko jaietan. Izan ere, 13:00etan, sanpedrotako lehen oliba jaitsieraren txapelketa egingo dute. Bazkari herrikoiaren ostean, Andoni Fenomenuaren emanaldia egongo da ikusgai, eta euskal dantzak erakutsiko dituzte 18:00etan Ieltxoko ikasleek. Amets Arzallus, Andoni Egaña, Onintza Enbeitia eta Alaia Martinek bertso saioa egingo dute 19:30ean. Gauean, 23:30ean, Zesuma taldea eta DJ Ta Txo igoko dira oholtzara, eta bien bitartean, 02:30ean, Santa Isabel eskeko dantzariak irtengo dira.
Hain justu, Santa Isabel egunarekin amaituko dituzte jaiak, uztailaren 2an. Goizean goiz, 8:00etan, arrokako arrantza lehiaketa jarriko dute abian, baita bolo eta patata tortilla lehiaketak ere, 12:00etan eta 12:30ean, hurrenez hurren. Arrantzatutako arrainak dastatzeko aukera egongo da 20:00etatik aurrera, eta ordu berean Ttonttorro txikiren jaitsiera egingo dute. Gauean, 22:00etan, zaldi deman, Itsaso Arruti eta Etxeberria arituko dira elkarren aurka, 900 kiloko harriarekin. Izer eta Alabier trikitilariek girotuko dute plaza ondoren, eta, 24:00etan, aurresku herrikoia eta Ttonttorroren jaitsierarekin hurrengo urtera arte agurtuko dituzte jaiak.
Altzako sanmartzialetako jai batzordeko kideak, egitarauarekin. (Argazkia: L.F.)
ALTZAKO SANMARTZIALAK
Asteburua jaien egitaraua banatu eta txapelketetarako baliatuko dute. Gainera, bihar, doako sardina jatea egingo dute, 19:00etan, Altzagainako plazan, eta, igandean, Jubilados abesbatzaren emanaldia eskainiko dute, 12:00etan, San Martzial parrokian.
Ekainaren 29an, San Pedro eguna ospatuko dute, arratsaldean. 17:00etan, udal bolatokian XVI. San Martzial Bolo txapelketa jokatuko dute haurrek, eta, 18:30ean, udal toka pistan, XXXI. San Martzial txapelketa.
Ostirala izango da Altzakoentzako egunik bereziena: San Martzial. Jolas parkea zabalduko dute haurrentzako, 10:30ean eta 16:30ean. Ondoren, 17:00etan, bolo jaurtiketan arituko dira udal bolatokian, eta, ordu berean, umeek Altzagainako plaza gorrian Casares-Tomasene kultur etxeek eskainiko dute Ganso & Cia taldearen Walkman antzezlana. Txokolatearekin indarrak hartu, 18:30ean, eta ordubete beranduago adin guztientzako apar festa antolatu dute. Herri Ametsa ikastolako dantza taldearen emanaldia egongo da 20:00etan, eta Taupada taldeak bere batukadarekin alaituko ditu bertaratzen direnak. Altzatarock jaialdiarekin amaituko da eguna; Desembragadores, Hail Noise eta WE taldeek emango dituzte kontzertuak.
Uztailaren 1ean, pilota partidekin hasiko dute eguna, 10:00etan, eta 11:00etan eta 12:00etan xake –Javier Dominguez nazioarteko jokalariarekin– eta toka txapelketak egingo dituzte. Bazkaldu baino lehen, 13:00etan, Pasaiako Alkartasuna dantza taldeak emanaldia eskainiko du. Arratsaldean, 18:00etan, hurrengo egunean parte hartuko duten idiak pisatuko dituzte, baita sagardoa dastatu ere.
Jai eremuan buruhandiak ibiliko dira, 19:00etan, trikitixak lagunduta. Gauean, 22:30etik aurrera, Altzako kaleetatik danborradak desfilatuko du. 00:00etan, San Martzial plazako udaletxearen aurrean San Martzial ereserkia kantatuko dute, Pasai musika taldearen laguntzarekin.
Uztailaren 2an, egun osoan zehar, artisau lanen erakusketa eta salmenta egongo dira, eta, goizean, tokiko baserrien produktuena. 10:45ean hasiko da XXVIII. Sagardo lehiaketa, eta, 12:00etan, taloak egongo dira eskuragarri. Jarraian, 12:30ean, idi probak hasiko dira.
Bertsolaritzak ere izango du bere tartea; zehazki, 13:30ean, Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia arituko dira oholtza gainean, Joseba Alkiza gai jartzailearekin batera. Altzatarra K.E.-aren egoitzan egingo dute anaitasunezko bazkaria, bertsolariekin, eta azken hauek beste saio bat eskainiko dute, 19:00etan, Altzagainako San Martzial plazan.
Auzoa hauspotzea da Intxaurrondokoen xedea
Intxaurrondoko sanjoanetan parte hartuko duten hainbat auzotar, Bernart Etxepare plazan. (Argazkia: L.F.)
2011 urtean, Intxaurrondoko kultur etxea zabaldu baino lehen, irekiera antolatzeko auzoaren partaidetza eskatu zuten. Bilera haietan Intxaurrondoko auzoen arteko kohesioa lantzea beharrezkoa zela ikusi zuten. Halaxe abiatu zen auzoko eragileek elkarlanean Intxaurrondo Eguna egiteko erronka.
2012an ospatuko zuten lehen aldiz Intxaurrondo Eguna, Larrotxene kultur etxearen 25. urteurrenarekin batera. Auzoaren kohesioa lantzeko xedez, bi oinarri finkatu zituzten: batetik, auzoz-auzo ibiltaria izango zela (esaterako, urte batean, Hego Intxaurrondon egitea eta, beste batean, Ipar Intxaurrondon); eta, bestetik, auzoko eragile guztiak elkarlanean antolatuko zutela eta festa egun hori indartzeko balio behar zuela.
Bada, bihar, VI. Intxaurrondo Eguna egingo dute, Bernart Etxepare plazan. Intxaurrondo kultur etxearekin batera, ondorengoak ibili dira antolakuntzan: Artzak Ortzeok, Intxaurdi, Zulo Zahar Elkartea, Intxaurrondo Berri Emakume Elkartea, Ipar Haizea, Intxaurrondoko Gazte Asanblada, Intxaurrondo Zaharreko Jai Batzordea, IZBE, Lagunak Emakume Elkartea eta Plazara Goaz Euskara Batzordea.
Egun osoko egitaraua haurrentzako tailerrekin hasiko da, 11:30ean, eta, 12:00etan, marmitako lehiaketa egingo dute. Dotake txaranga egongo da auzoa girotzen, eta bazkari herrikoi batekin (14:30ean) elkartuko dira Intxaurrondokoak. Bazkalondoa kantu saio batekin amaituko dute, eta arratsaldean, 17:30ean eta 18:00etan, toka eta bota txapelketa eta herri kirolak egingo dituzte. Elektro txufla elektrotxarangak alaituko du auzoa 19.00etan, eta Trikuharri rap taldearen txanda izango da gero, 21:00etan. Bukaerako traka 22:00etan egingo dute.
Urteak daramatzate auzoko elkarte eta eragile ezberdinak Intxaurrondo Eguna antolatzen, auzotarrak elkartzeko asmoz. Horren harira, hemendik aurrera, jai gune guztietarako zapi berbera erabiltzea proposatu dute. 5 euroren truke erosi ahal izango da.
Sanjoanak ere bai
VI. Intxaurrondo Eguna sanjoanen barruan kokatu dute. Beraz, gaur ere izango dute zer ospatu. 17:00etan, txalaparta, traka eta tailerrak egongo dira. Kalejira egingo dute auzotik, 18:10ean, hankapalo, buruhandi eta Kaña 2kaña trikilariekin. Festara abesbatzak emanaldia eskainiko du 18:30ean, eta haurrentzako Zirika Zirkusen kale antzerkia –Ondorengoak– egongo da 19:00etan, Gabriel Zelaia plazan.
Iluntzean, 20:00etan, sardina jatea egingo dute eta Estanga taldearen berbena hasiko da. Ondoren, 21:15ean, Intxaurtze kantariak izango dira protagonista. San Joan sua 22:00etan piztu eta plaza dantzak egingo dituzte inguruan.
Jaiek irauten duten hiru egunetan bi abesti plazaratuko dituzte: Intxaurrondo (bi bertso berriekin) eta Ai Aizu, Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon erronkarekin lotutakoa.