The Upper Room gospel bandak ‘Aleluia’ diskoa atera du zazpikote moduan. Iñaki Miguel piano jotzailea eta Mikel San Jose abeslaria dira taldeko gidariak
The Upper Room taldeko zazpi kideak –ezkerretik bigarrena da Iñaki Miguel piano jotzailea–. (Argazkia: Aisse MC)
Aleluia! oihukatu du Donostiako The Upper Room gospel taldeak. Horrela du izena zazpikote moduan argitaratu duten lehen diskoak, eta laneko kantu baten izena ere bada. Izenburuak ondo baino hobeto islatzen du bandaren proposamena. Astelehenean, Viktoria Eugeniako Klubean aurkeztu zuten.
Hamarkada luzeko ibilbidea egina du The Upper Room taldeak. Iñaki Miguel piano jotzaileak eta Mikel San Jose abeslariak sortu zuten. «Orain dela asko blues talde batean jotzen genuen biok. Kontzertu batzuetan gospel abestiak eskaini genituen. Horrek bultzatu gintuen banda bat sortzera», azaldu du Miguelek.
Gospel musika ingelesez egiten hasi ziren, baina egun batean euskaraz probatzea erabaki zuten. «Emaitza polita izan zen, eta publikoari asko gustatu zitzaiola konturatu ginen», azaldu du Miguelek. Gospelaren zaleak eta euskaldunak izanik, biak uztartzea erabaki zuten. Ordutik, eta bikote moduan, euskarazko gospela Euskal Herriko eliza, kultur etxe eta areto askotan eskaini dute.
Ez da argitaratzen duten lehen lana. 2007an gospel kantu ezagunen bertsio diskoa plazaratu zuten. Dena dela, abesti propioekin osaturiko lana ateratzeko gogoa izan dute betidanik. «Gure konposizioekin disko bat grabatzeko garaia zen. Ez da erraza izan taldea osatu eta kantuak prestatzea», dio Miguelek.
Bikote izatetik zazpikote izatera pasa da The Upper Room banda. Miguel eta San Joserekin batera, beste bost kide batu zaizkie: Andoni Etxebeste (bateria), Luka Martin (baxua), Karlos Etxaniz, Santi Romano eta Unai Moraza (koroak).
Guztien artean biribildu dute
Aleluia diskoa. «Gospel musikaren munduan egin dugun ibilbidea irudikatzen duten hamar abesti dira. Soul, country eta blues doinuetatik edaten dute», nabarmendu du Miguelek.
Bizitzaren ikuspegi espirituala dute hizpide kantuen letrek. «Zailtasunak dituzten pertsonei buruzkoak dira, babesa, itxaropena, barkamena edo mundu hobe baten zoriontasuna bilatzen dutenena». Gospelak duen kutsu erlijiosoa ere landu dute abestietan. Miguelek azaldu duenez, Bibliako pasarte eta pertsonaietan oinarritu dituzte abesti batzuk: «Ezekiel, Josue eta beste hainbaten bizipenak kontatu nahi izan ditugu kantuen bidez». Dena dela, bigarrenez azpimarratu du letra guztiek lotura bat dutela; «espiritualitatea».
Gabonetako bira
Bandarekin zuzenekoak eskaintzeko gogotsu daude zazpi musikariak. Gabonetan kontzertu bira egiteko asmotan dabiltza. «Xehetasunak aurrerago emango ditugu, beraz, adi egon», dio Miguelek. Zuzeneko horiek non eskainiko dituzten ez du argitu, baina gustuko dituzten agertokiak zeintzuk diren argitu du. «Elizak bereziagoak dira jotzeko, eta areto nagusietako soinua ere atsegin dugu».
Eguna alaitu zieten Viktoria Eugeniara hurbildu zirenei
Viktoria Eugenia Antzokiko Klub aretora jende dezente hurbildu zen, The Upper?Room gospel taldearen Aleluia diskoaren aurkezpena bertatik bertara ikusi eta entzutera.
Lan berriko abesti gehienak eskaini zituen zazpikoak. Hala nola,
Aleluia, Jaunaren hitza, Mesedez, Zoriontasunaren bila eta
Kebar ibaian. Kantuen aurkezpenak Iñaki Miguel piano jotzaileak eta Mikel San Jose abeslari agurgarriak egin zituzten.
Euskaraz abesturiko gospel kantuekin batera, hainbat bertsio eta egokitzapen eskaini zituzten. Esaterako,
Oh happy day klasikoa jo zuten – euskaraz,
Egun alaia itzulita–. Emanaldia, berriz,
When the saints go marching in ezagunarekin bukatu zuten.