'Poem of a Cell' ikuskizunak emango dio hasiera Jazzaldiari
Charles Lloyd saxofoi jotzaileak jasoko du Jazzaldia Saria
Hilabete baino gutxiago falta da Jazzaldiaren 52. ediziorako. Hain zuzen ere, uztailaren 20an hasiko da Poem of a Cell ikuskizunaren mundu mailako estreinaldiarekin. Zurriolako hondartzan izango da, 22:30ean.
Stefan Winter ekoizlearen obra, aldi berean hiru pantailatan proiektartzen diren hiru filmek osaturiko ikuskizuna da. Mundu guztiko 250 musikari inguruk interpretaturiko lanak jasotzen ditu. Proiekzioa 60 musikari baino gehiagoren zuzeneko parte hartzeak osatuko du. Guztiak jazz, musika klasikoa, etnikoa eta korala den musikatik datozen artistak dira.
Bestalde, Charles Lloyd saxofoi jotzaileak jasoko du Jazzaldia Saria. Lloydek bere laukote berriarekin kontzertua eskainiko du Trinitate plazan, uztailaren 22an. Memphisen (Tennessee, AEBak) jaio zen 1938ko martxoaren 15ean. New Orleansek bezala, Memphisek ere Mississippi ibaiari loturiko kultura aberatsa du, blues, gospel eta jazz musikaz blaitutako ondare oparoa.
Uztailaren 20tik aurrera, izen handiko artista ugari pasako dira hiritik. Hala nola, Bryan Ferry, The Pretenders, Herbie Hancock, Wayne Shorter, Kamasi Washington, Gregory Porter, Macy Gray, Hiromi eta Abdullah Ibrahim. 100 emanaldi baino gehiagoren egoitza izango diren 17 agertokitan garatuko da Jazzaldia.
52. edizioaren programa osorik kontsultatu daiteke Jazzaldiaren webgunean.