Hiriko turismoaren aurrean ikuspegi desberdina erakutsi dute udal gobernuak eta oposizioak; Martuteneko biribilgunea berritzeko eskaera egitea adostu dute
Parte Zaharra da pisu turistiko gehien dituen hiriko auzoetako bat. (Argazkia: Malen Aldalur)
Turismoaren gaiak garrantzi berezia hartu du ekaineko udalbatzarrean. Donostiak egun bizi duen turismo egoeraren aurrean, bi ikuspegi desberdinetan banatzen dira udal taldeak. Batetik, EH Bilduk eta Irabazi Donostiak hirian nabarmen gora egin duela eta neurriak hartu behar direla adierazi dute. Bestetik, udal gobernuko bi taldeek, jeltzale eta sozialistek, ez dela horrenbesterako esan dute. Popularrek bigarren multzoarekin bat egiten dute.
Donostiako eta Gipuzkoako turismo estrategia Aldundiarekin elkarlanean adosteko eskatu du EH Bilduk. «Turismoaren hazkundeak egokitzea eskatzen du. Mota guztietako errekorrak eta markak gainditzen ari diren honetan, mahai gainean plangintza berriak jartzeko momentua iritsi da», azaldu du Josu Ruiz zinegotziak. Mozio arrunta babestearekin batera, Irabazik tasa turistikoa ezartzearen inguruko zuzenketa gaineratu dio, talde guztiek aho batez adostu dutena.
Analisiarekin kritiko agertu da Ernesto Gasco zinegotzi sozialista: «Ez duzue datu bakar bat ere aurkeztu. Eustaten arabera, Gipuzkoan %6 jaitsi da turismoa, eta kostaldeko herrietan %20». Bestalde, 2016an turismoak gora egin zuen bezala, 2017an beheranzko joera hartu duela azpimarratu du. «Turismoa ez da arazo bat hiriarentzat. Ordea, turismoak urteetan izan duen arazoa ETAren indarkeria izan da», adierazi du Gascok.
Ordenantzaren zain
Pisu turistikoek sortu duten kezkaren aurrean, EH Bilduk eta Irabazik mozio bana aurkeztu dute udalak baliabide gehiago jartzeko pisu horien kontrolerako. Bigarrenez, gaiaren aurrean udal taldeek duten ikuspegi desberdina agerian geratu da.
Plan Orokorrak ezartzen duen araudia betetzeko eta pisu turistikoen arazoari irtenbide bat emateko proposamen irekia aurkeztu du EH Bilduk. «Pisuen kontrolerako baliabideak handitzea ezinbestekoa da», azaldu du Rikardo Burutaran zinegotziak.
Udal gobernua prestatzen ari den pisu turistikoen ordenantzaren harira, informazioa prentsan irakurtzea ez dela egokia adierazi du Burutaranek. «Ondo iruditzen zaigu ordenantza berezitu bat egitea. Halere, hiru zirriborro omen daude eta ez dugu bakar bat ere jaso».
Irabazik, bere aldetik, azpimarratu du ixten den pisu turistiko bakoitzeko bost irekitzen direla. «Tsunami moduko bat gertatzen ari da hirian, eta arazoari erantzun azkarra ematea garrantzitsua da», esan du Alejandrok.
Pisu turistikoen afera ez dela berria adierazi du Gascok: «Lehen ere bazeuden horrelako apartamenduak. Aldatu dena da, udal gobernu hau lanean jarri dela arazoa konpontzeko». Prestatzen ari diren ordenantza berezitua udalbatzarrean aurkeztuko dutela gaineratu du. «Kontua da Burutaran jauna, zuk dagoeneko ondorioak atera dituzula, eta oraindik ez dugu proposamena aurkeztu».
Gaiak duen konplexutasuna dela eta, Eneko Goia alkateak esan du ez dela komeni «presa» sartzea eta «alarma egoera» sortzea. «Udal gobernua pausoak ematen ari da. Fenomeno hau ez dago behar bezala arautua Plan Orokorrean. Ordenantza berezitua behar du».
EAJ eta PSE-EE alderdiek udalaren agintea hartu zutenetik pisu turistikoen kopurua bost aldiz handitu dela adierazi du Burutaranek. «Igoera horrek alokairu aukerak gutxitzea edo garestitzea ekarri du. Ondorioz, donostiar asko hiritik kanpora joan dira bizitzera». Bestalde, Irabazi ez dago ados udal gobernuak egoeraren aurrean duen jarrerarekin. «Duela bi urte bezala gaudela diozue, eta ez da horrela», adierazi du Alejandrok.
Trafiko dentsitatea
Martuteneko biribilgunea eraberritzeko eskaera eraman du udalbatzarrera PPren udal taldeak. Duela bi urte Gipuzkoako Aldundiak bere plan estrategikoan jaso zuen biribilgunea handitu eta egokitzea. «Txomin Enea auzo berriarekin eta Garberako eraberritzearekin, besteak beste, nabarmen igoko da trafikoa inguruan», azaldu du Txema Murgiondo zinegotziak.
Gainontzeko udal taldeek bat egin dute popularren eskaerarekin. Dena dela, gaiak irakurketa orokorragoa merezi duela adierazi dute sozialistek. «Donostiako sarbideak egokitzeko beharra dago, Martuteneko biribilgunea handitzea bezala», esan du Gascok. Sarbideak berritzea udal gobernuaren lehentasuna dela gaineratu du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak.
Karlos I.aren hiribidea
Martxoko udalbatzarrean udal talde guztiek adostu zuten Karlos I.aren hiribideko bizilagunekin udalak bilera bat egitea. Ordea, EH Bilduk kritikatu du ez dela horrelakorik gertatu, eta auzotarrak haserre daudela. «Hiru hilabete pasa dira, eta udala ez da bertara hurbildu. Hori ez ezik, ingurunean ez dute bestelako hobekuntzarik egin», adierazi Ruizek.
Irabazi eta PPren udal taldeek bat egin dute beraiekin, eta udalari eskatu diote konpromisoa betetzeko. Sozialistek, ordea, adierazi dute Karlos I.aren hiribidearen inguruetan hobekuntzak egin direla. «Pasa den astean pinudi bat jarri zen», adierazi du Gascok. Horrela ere, konpromisoa agertu dute bilera hori azkenik egin dadin.