Eusko Jaurlaritzak eratu du proiektua, udalarekin elkarlanean.
Gaur egun ez du ia erabilerarik eraikinak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Kaiko lonjaren eraikina eraberrituko du Eusko Jaurlaritzak, udalarekin batera adostutako proiektu baten bidez. Arrantza jarduera, Kirol Portua eta baxurako arrantzaren balorazio zentroa izango ditu bere barnean. Proiektua osatzeko behar diren pauso guztiak eman eta baimen guztiak bideratu ostean, espero dute aurtengo Gabonetarako lanekin hastea, eta ekainerako bukatzea.
Eraikuntzaren erdigunea zabalik utziko dute, itsaso aldera eta Parte Zahar aldera; jendea atzera eta aurrera ibiltzea nahi dute bertatik. Hor bertan egongo da tailerretarako eta ostalaritzarako utzi nahi duten tartea. Komun publikoak dauden aldean egongo da egun ia hilik dagoen arrantza sektorearentzako gunea. Beste aldean, Portaletatik gertuen dagoenean, kirol portuarekin lotutako kontuak egongo dira, bisitariei begira: harrera, aldagelak, garbilekua…
Azken urteetan hainbat aldaketa egin ditu Jaurlaritzak Donostiako kaian. Lurra eraberritu zuten, Ontzi Museoaren ondoko eraikina berritu zuten eta bertan bulegoak dituzte martxotik, eta kirol portua egokitu zuten. Orain, lonja zaharraren berrikuntza dator. Proiektua bideratzeko 1’5 milioi euro beharko dituztela esan dute arduradunek.