Inguru guztia 2020 urterako prest egotea aurreikusten dute. Amara Bai auzo elkarteak salatu du hirigintza proiektuaren inguruan informazio falta dagoela
San Bartolome berria 2020 urterako prest egotea espero dute. (Argazkia: San Bartolome Muinoa)
San Bartolome muinoko lanak bisitatu berri ditu Eneko Goia alkateak. Bere aburuz, obrak erritmo onean egiten ari dira, eta agerian gelditzen da Donostiako erdigunea erabat eraldatuko dela. Hirigintza eremu berria zatika irekitzen joango da. Izan ere, gaur bertan irekitzekoak dira Lizarra kalearen lehen zatia, San Bartolome muinoaren azpian dagoen igogailua arte.
Irekiera horrek ahalbidetuko du SUMMA Aldapeta ikastetxeko ikasle zein familiak eskolara beheko aldetik iristea. Urrirako, eraikinen artean dagoen zatia irekiko dute (Lizarra kaleko 13-15 zenbakietara arte), eta, azkenik, abenduan zabalduko dute Aldapetarekin lotura. «Bide hau oso garrantzitsua izango da hiriaren erdigunearen trafikoa antolatzeko», nabarmendu du Goiak.
Arrokako frontoiari dagokionez, alkateak jakinarazi du hirigintza proiektuan lanean ari direla: «Aurreikusten dugu uztailean proiektua onartzea eta, beraz, abuztuan frontoia botatzeko eta proiektua garatzeko moduan egotea». Ondoren, ingurunea egokituko dutela adierazi du, «auzotarrek erabaki bezala».
Hirigintzari dagokionez, San Bartolome Muinoa SA sozietatea da 2008ko otsailetik San Bartolome birsortzea helburu duen proiektuko arduraduna. Promotorako kudeatzaile Martin Arregirekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak, egin eta egingo dituzten lanen berri izateko.
Hirigintza proiektuaren barruan, besteak beste, 500 etxebizitza, hotel bat, SUMMA Aldapeta ikastetxea eta begiratoki bat egiten ari dira. Duela hiru urte, lehenengo fasea amaitu eta 135 etxebizitza eman zituzten. Hemendik urte bukaerara, berriz, beste 92 emango dituzte: Lizarra kaleko 7, 9, 11, 13 eta 15. zenbakikoak eta Easo plazako 2. zenbakikoak. 2018ko udararako, aurreikusi dute beste 62 etxebizitza amaitzea; hala, Lizarra kaleko 4, 6, 8 eta 10. atariko bizilagunek euren giltzak eskuratuko lituzkete.
«Geroago, San Bartolome gaineko etxebizitzak eta Easoko 22. zenbakikoak emango genituzke. Une honetan, eraikitzen hasi dira eta salmenta batzuk ere abian jarri ditugu. Azken horiek hemendik hiru urtera emango ditugula aurreikusten dugu. Hala, espero dugu 2020. urtean dena amaituta egotea», azaldu du Arregik.
Etxebizitzez gain, hotel bat ere egitekoak dira San Bartolome berrian: «Hotela Catalonia katearena izango da. Tokiko Gobernu Batzordeak asteartean eman zion eraikitzeko lizentzia. Beraz, hotela egiteko lanak udan zehar hasiko dira ziurrenik. Hala, hotelaren xedea da 2018ko abenduan edo 2019ko urtarrilan irekitzea».
Lizarra kalea, irekitzear. (Argazkia: Lide Ferreira)
Hoteletik oso gertu begiratoki publiko bat egingo dute: «Betidaniko San Bartolomeko horma gainean dago atalaia begiratokia. Hori 2018an zehar egingo dute, eta hotelarekin batera irekiko litzateke begiratoki publikoa, 2018aren amaieran edo 2019aren hasieran». Beranduago, saltoki gune bat eraikiko dute, Zerutxo etxearen lur sailean.
Amara Bai auzo elkarteak hirigintza proiektuaren inguruan duen iritzia plazaratu nahi izan du. Bereziki, Arroka kaleko frontoiaren desagerpenarekin daude arduratuta: «Gogoratu nahi dugu, pena handiz, auzotarrok kirol gune bat galdu dugula. Frontoia botatzen dutenean, ikusiko da zer nolako eragina izango duen. Dagoeneko atzeko plazaren zati bat kendu dute, eta jende asko harrituta geratu da aldaketarekin. Bestalde, udalak proposamen bat luzatuko zigula esan zigun, auzoan kirol gune berri bat kokatzeko; baina, oraindik, zain gaude».
Galdera eta zalantza ugari
Horretaz gain, hirigintza proiektuaren inguruan galdera eta zalantza ugari dituztela adierazi dute auzo elkartekoek: «Horien artean jakin nahiko genuke nola geratuko den Easo plaza, bainu etxeak… Bere garaian, kultur etxe bat izango zela esan ziguten, baina orain beste proiektu posible batzuk ari gara entzuten».
Auzoan mugimendu handia dagoela esan du Amara Bai auzo elkarteko Arkaitz Aranburuk: «Momentu honetan, auzoa hankaz gora dago, eta auzotarrak galduta sentitzen gara, informazioarik gabe. Jendea guregana etortzen da, eta galdera asko egiten dizkigu, baina guk ezin diegu lagundu. Obrak nonahi daude eta mugimendua badago, baina auzotarrok ez dakigu zehazki zer egiten ari diren. Jakin nahiko genuke udalak noiz emango digun informazioa».
Horregatik, udalari eskatu diote bilera ireki bat egin dezan: «Auzotarroi hirigintza proiektuaren garapenaren berri emateko, baita etorkizuneko proiektuak azaltzeko ere».