Nikolas Yurramendi: 'Inoiz baino zailagoak'
Erraz, erraz betetzen zaigu ahoa talderen batek behin baino gehiagotan irabaztean. KAE liga hasiera bikaina atera zaigu aurtengoa, sei estropada jokatu berritan, bigarren sailkatuari, Santurtziko Sotera-ri, zazpi puntuko aldea diogu, eta hirugarren sailkatuari, Lekittarrari, hemeretzi. Batek baino gehiagok ahoa betetzen dugu udara zeinen polita eta erraza izango den.
Bada, nire barrenetik esaten dizuet, inoiz baino zailagoak egiten ari zaizkidala estropada hauek, eta errazetik ez dutela ezertxo ere. Ditugun uretako arerioek ez dutela behin ere arnas hartzen uzten, ez dutela zure arraunketa hartzeko tarterik uzten, eta beraien asmo ia guztiak estropada irabazteko bideratzen dituztela.
Helburu bakarra izaten dugu estropadetan, gure arraunketa bilatu eta defendatzea, hori baita gure identitatea, arraunketa horretatik kanpo oraindik gehiago sufritzea tokatzen bai zaigu. Entrenatzaileak eta arraunlariok nahikoa ikusi dugu helburu egokia dela ziurtatzeko, urduritasun, indarrak eta ahaleginak horretara bideratzeko. Ez dut uste beste helbururik izango dugunik denboraldia amaitu bitartean.
Asteburu honetako Donostiko eta Allotz-eko estropadetan lortu dugu gure arraunketa hori hartzea, hartzea eta defendatzea, horrek ahalbidetu digu beste traineruei aurre hartzen. Berriz ere esaten dizuet, indar guztiak hustu, zorabioak, ahaztutako minutuak, minak, eta denetik izaten dela edozein estropadetan. Badirudi pozerako ez dagoela unerik, baina bai, guzti horrek behar bezala disfrutatzen laguntzen du. Garaipenak garaipen, traineru barnean aski ondo gozatzen ari gara.
Seguru nago beste taldeek aurre hartuko digutela nahiz eta gure denak eman, baina ziur egon daitezela ez diegula arraunketa hartzeko tarterik utziko, eta tarterik uzten badigute, gure txopak aurrera egiteko direnak eta ez direnak egingo ditugula. Hemen ez dago garaipen errazik.