Elkarbizitza, ezinbestekoa
Surflariak, bainulariak, sorosleak... jendez gainezka dago Zurriola hondartza udan. Gainera, bisitariekin kopuru hori handitzen da, eta zailagoa da espazioa kudeatzea.
Jon Mikel Zubeldia, Groseko Indarra Surf Eskola: “Malgutasuna beharrezkoa da elkarbizitza on bat ziurtatzeko”.Zubeldiak gogoan du 2006an soilik bi surf eskola zeudela: «Beraz, toki falta ez genuen sumatzen. Gainera, gure eskolan, behintzat, publikoaren %90a hemengoa zen, Donostiakoa». Ordutik, surfa modan jarri dela diote askok; tartean, Sancho Rodriguez surflari eta Surfilm Festibalaren bultzatzaileak: «Besteak beste, gurea bezalako jaialdi batekin sustatu dugu kirola, eta surfa XXI. mendeko futbola bilakatu da, baina baliabideak mugatuak dira. Zurriola hondartza ez da nahikoa hainbeste jende biltzeko». Horrek guztiak erabiltzaile gehiago ekarri ditu hondartzara. «30 urte daramatzat surfa egiten, eta bilakaera guztia ikusi dut. Lehen, ez zegoen masifikaziorik; baina, denborarekin, gero eta zale gehiago ditu surfak eta, egun, hamar surf eskola inguru daude Zurriolan», azaldu du Jose Ramon Martinez de Nanclaresek. Adabakien ordez, oinarria Ondorioz, garai batean ez zeuden arazoak sortu dira; tartean, elkarbizitza. «Denontzako espazioa egon eta gustura egoteko, arazoa oinarritik konpondu behar da; ezin dira adabakiak jarri. Esaterako, bainularien eremuan 150 metroko zati bat dago hastapenetako ikastaroetan parte hartzen duten surf ikasleentzako, 15:00ak arte erabili daitekeena. Baina surfaren turismoa saltzen bada, gero eta jende gehiago etorriko da; espazio hori txiki geratzen zaigu eta ezin dira kalitatezko eskolak eskaini», nabarmendu du Zubeldiak.
Regina Jaca, surflaria: “Masifikazioaren ondorioz, azken hilabeteotan ez naiz Zurriolan ibili”.Regina Jaca surflariak ere eskolak eman izan ditu: «Irakasle gisa, eremu hain txikietan lan egitea zaila izan daiteke; bereziki, itsasgora eta olatuak daudenean, zer egiten duzu hasi berri batzuekin? Surflari gisa, berriz, segurtasuna bermatzeko dela badakit, baina eromena da». Jaca 11 urterekin hasi zen surfean: «Nire osaba Zurriolako aintzindarietako bat da, eta bera izan zen surf mundura animatu ninduena. Orain, normalean, Zarauzko hondartzara joaten naiz; masifikazioaren ondorioz, azken hilabeteotan ez naiz Zurriolan ibili. Halere, orain, Groseko Indarra Surf Eskolan egiten dut lan eta tarte bat izan dudanetan sartu izan naiz uretara. Azken finean, txikitatik ibili naiz hemen eta pozgarria da Zurriolako hondartzan sartzea. Betiko lagunekin aurkitzen naiz, eta asko gustatzen zait». Talka horren barruan, sorosleen lana ere aipatu du Zubeldiak: «Araudia betearazi behar dutenak dira sorosleak, eta konturatu gara hondartza honek dauzkan ezaugarrietarako dagoen antolaketa ez dela nahikoa».
Sancho Rodriguez, surflaria: “Gazte asko ohituta daude masifikaziora, eta euren jarrera oso positiboa da”.Bestalde, hondartza banatzeko modu finkoa ez da baliagarria bere iritziz, itsasoa egun batetik bestera asko aldatzen delako: «Surf eskolen aldetik lan handia egin dugu arazoa konpontzeko, uste dugulako hemen egunero gabiltzanok zeresan handia dugula. Udalarekin gabiltza harremanetan, baina nahiko geldoa izaten ari da prozesua. Gure iritziz, malgutasuna beharrezkoa da elkarbizitza on bat ziurtatzeko». Marta Huercanosek 37 urte darama surfa praktikatzen, Espainiako txapelketa irabazi du lautan eta Europako hirugarren postua lortu izan du: «Asko aldatu da dena, batez ere, surfaren komertzializazioaren ondorioz. Niretzako pasio bat da, egunerokotik deskonektatzeko modu bat, baina, azkenaldian, xarma hori galdu da guztiz. Naturarekin zerikusia duen jarduera bat izatetik borroka arriskutsu batean bilakatu da. Ariketa fisikoa egin ostean, normalena da irribarre batekin irtetea itsasotik, baina, orain, askotan, haserre ateratzen naiz».
Noa Iturripea, surflaria: “Giro txarra nabaritzen da; eta, azkenean, ez zara eroso sentitzen”.Australia, eredu Noa Iturripea bat dator egoera horrekin: «Masifikazioagatik jendea ez dago umore onez, giro txarra nabaritzen da eta, azkenean, ez zara eroso sentitzen; eta hainbeste jende egonda, arriskutsua da. Australiako hondartza batean, adibidez, hondar pila bat jartzen dute eta olatua oso urruti apurtzen da. Orduan, bainulariak itsasertzean egon daitezke eta surflariak barruan, uretan. Kirol honek ematen duen diru guztiarekin horrelako proposamen bat egin beharko litzateke». Etorkizunari dagokionez, Zubeldiak uste du gorakada gutxinaka etengo dela, eta geldialdi bat gertatuko dela: «Espero dut egiten dugun lana eta jende kopurua ahalik eta hoberen kudeatzea». Rodriguezen arabera, bainu bakoitza desberdina da, eta oraindik surfaz gozatzen duela dio. Talka guztietatik harago, uste du itxaropena badagoela: «Gazte asko ohituta daude masifikaziora, horrelako mundu batean jaio eta surfean aritzen direlako, eta euren jarrera oso positiboa da. Horrek esan nahi du beti egongo dela jende jatorra surfa egiten, masifikaziotik eta merkaturatzetik harago».
Jose Ramon Martinez de Nanclares: “Gero eta zale gehiago ditu; egun, hamar surf eskola inguru daude Zurriolan”.