Arraunaren maila gorenera iritsi den lehen traineru donostiarra da Arraun Lagunak. Pasa den asteburuan Euskotren ligan parte hartzeko txartela lortu zuten. San Juan, Hibaika eta Orio izango dituzte lehiakide.
Ainhoa Egiazabal, Amaia Sexmilo eta Ainhara Plazaola. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Oinak lurrean izateko eskatu diete entrenatzaileek, eta indarrak uretan jartzeko. Arraun Lagunak taldeko neskek ilusioarekin bizi dute Euskotren ligara sailkatu izana. Pasa den asteburuan lortu zuten, Orioko eta Donostiako estropadetan laugarren postuan sailkatuta. Horrela, emakumeen maila gorenean ariko dira San Juan, Hibaika eta Oriorekin batera.
Ainhoa Egiazabal, Amaia Sexmilo eta Ainhara Plazaola Arraun Lagunak taldeko arraunlariak irribarre batekin topatu ditu IRUTXULOKO HITZAk.«Ikaragarria da lortu duguna, baina lanean gogor segitu behar dugu», dio Sexmilok. Dena dela, sasoiko lehen helburua betetzeko aukera ez zuten horren argi ikusten. «Beldurra genuen, eta baita itxaropena ere», azaldu du Egiazabalek.
Orioko estropadak zalantza batzuk uxatu zizkien. «Hernani aurretik izan dugu zenbait estropadetan, eta kanporaketako lehen jardunaldian aurretik geratu ginela ikustean, konfiantza eman zigun iganderako», esan du Egiazabalek. Ordea, Donostiako estropada ez zen espero bezala hasi. «Estatxa ezin genuela hartu ikusi genuenean, okerrena pentsatu genuen», dio Plazaolak.
Hamar segundoko zigorraren mamua gainditzea lortu zuten, estatxa hartu eta garaiz arraunari ekitean. «Traineruarekin erabat okertuta atera ginen. Egoerari buelta eman genionean gure arraunketan zentratu, olatu batzuk hartu eta itzulera ona egin genuen», gaineratu du Plazaolak. Hasieran izandako ezustekoarekin denbora asko galduko zutela uste arren, laugarren postuan sailkatu ziren. «Ofizialki baieztatu arte, ez genuen sinetsi».
Burua eta heldutasuna
Hiru urte dira emakumeen Arraun Lagunak trainerua sortu zela, eta urtetik urtera hobera egin dutela uste dute hiru arraunlariek. «Gehienbat psikologikoki eman dugu pausoa», azpimarratu du Sexmilok. Urduritasunak, akatsak eta zorte txarra hobeto kudeatzen ikasi dutela uste du Plazaolak: «Heldutasuna irabazi dugu uretan, eta urduritasuna kontrolatzen ikasi dugu».
Neguko entrenamendu gogorragoak egin zituzten, eta eskaera mailak gora egin duela nabaritu dute. «Hasiberriak ginen eta urtero batzen joan gara. Hirugarren urtea izanik gehiago eskatu digute, eta gainera, taldea indartu dute arraunlari gehiagorekin», azaldu du Egiazabalek. Hain zuzen ere, sasoiko lehen helburua Euskotren ligan sartzea zen.
Gipuzkoako Traineru Txapelketaren bezperan egin zuten bilera entrenatzaileekin. «Euskotren ligan esperientzia hartzeko lehentasuna emango diogu, baina Gipuzkoako liga ere borrokatuko dugu», dio Sexmilok. Nolanahi ere, gogotsu daude beste pauso batzuk emateko. «Orio harrapatu ahal badugu, horren bila joango gara. Lauko ligan azkenak ez geratzea da gure asmoa», adierazi du Plazaolak.
San Juan eta Hibaika urruti ikusten dituzten bezala, Orioren aurretik geratzeko gaitasuna dutela uste dute hiruek. «Estropada askotan esan izan dut Oriori irabaziko geniola, baina ez dugu lortu. Baina iritsiko da eguna», esan du Egiazabalek.
Liga eta Kontxa
Lehentasunak definitu arren, Gipuzkoako ligari duen garrantzia emango dio Arraun Lagunakek. Batez ere, pasa den sasoian Orioko bandera irabazi ondoren. «Ligan ere laugarren postutik hirugarrena egin nahi dugu. Gainera, denok arraun egiteko aukera eskaintzen digu eta hori zaindu behar dugu», nabarmendu du Plazaolak.
Denboraldiko estropada garrantzitsuena, ordea, Kontxakoa da. «Gure helburu nagusia da. Lehenik, sailkatu, eta ondoren, ohorezko txandan sartu nahi dugu», dio Sexmilok. Iaz ez bezala, aurten sailkatze estropadan parte hartu beharko dute. «Orain bi traineru donostiar daude, eta bien arteko kanporaketan onenak izan beharko luke Kontxan parte hartzeko aukera», azaldu du Egiazabalek. Donostiarra eta beste zazpi ontzi ariko dira Emakumeen?Kontxako Banderan.
«Harro gaude urte hauetan lorturikoarekin», esan dute hiruek. Donostiako emakumeen lehen trainerua izan ziren, ligan lehen bandera lortu zuten, Kontxan izan ziren, eta orain Euskotren Ligan ariko dira. Sei estropada dituzte aurretik, eta hurrengoa Santanderren izango da uztailaren 22an.
Bosgarrenak izan dira Gipuzkoako Txapelketan
Herenegun, hilak 12, Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatu zen Getarian. Emakumeetan, Arraun Lagunaken Lugañene ontzia eta Donostiarraren Torrekua ontzia bosgarren eta seigarren postuan sailkatu ziren. San Juanek eraman zuen bandera.
Gizonetan, Donostiarrak brontzezko domina lortu zuen, aurreneko aldiz, gainera. Orio izan zen onena eta Hondarribia bigarren. Bestalde, Fortunako beteranoak bigarren lekuan geratu ziren, Zumaiaren atzetik.
Uztailaren 25ean, Euskadiko Txapelketan ariko dira Donostiarrako gizonak, Arraun Lagunak eta Fortuna.