Erraustegirako gas hodiak jartzen ari diren eremuan protesta egin dute
Noaua hedabideak jaso duenaren arabera, erraustegirako gasa sartzeko lanen eremuan mobilizatu da gaur herritar talde bat. Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldeak eta Zubieta Lantzen-ek egin dute protestarako deia. Errausketaren aurkako eta birziklatzearen aurkako banderolak eskutan eta Errausketarik ez! Ez gure izenean lelopean mobilizatu dira gaur, eta jendarteari ere erraustegiaren aurkakotasuna adierazteko deia egin diote: “Erabili ezazue guztiona den bide hau, eta bide batez salatu, egin protesta, hemendik igarotzen zareten bakoitzean, inposatu nahi diguten erraustegi kriminalaren aurka. Ez dute baimenik bide hau oinezkoei eta txirrindulariei ixteko. Ezin digute ukatu hemendik pasatzea. Beraz errepikatzen dugu bide hau ahalik eta gehien erabili behar dugula oinez edo txirrindaz. Horrela bere lana eragotziko diegu. Ez gaude geldirik, ez gara geldituko! Etengabe, jende andana pasatzea nahi dugu hemendik. Libre ibili nahi dugu gure herrian”, adierazi dute elkarretaratzeko deitzaileek.
Elkarretaratzean irakurri duten adierazpena, osorik:
Argi, garbi eta ozen esan genuen,
ERRAUSTEGIRIK EZ!!
Usurbil eta Zubietan iaz egin genuen herri galdeketan.
Behar ez dugulako, alferrikakoa delako, ez dugu nahi erraustegirik, ez hemen, ez inon!!
Alternatiba garbi, merke, osasuntsu eta iraunkorragoa, badago Gipuzkoan, eta martxan dago. Gipuzkoako 60 herri baino gehiagotan ari gara erakusten, arduraz jokatuta, ez dela ia zaborrik sortzen, erraustegiarentzako ez dagola janik. Beraz, soberan daude obra guzti hauek. Gutxi batzuen poltsikoak berotzeko besterik ez dira.
Gipuzkoan, oraindik, hiri hondakinekin ardura gabe jokatzen ari diren beste udalerrientzat gure mezua argia da, borondatean oinarritzen den gaikako bilketa daukatenentzat alegia: kutsatzea ez da eskubide bat, hondakinak gaika bereiztea, herritar eta herri guztien betebehar bat da. Bai, bai, hondakinak nahasita biltzea, gobernantza txarra izateaz gain, kutsatzea da. Ondo egin daitekeena gaizki egitea inmorala da. Auzoko herria kutsatzeko eskubidea izango balute bezala, a ze espektakulu penagarria ari diren ematen. Itxura plantak egiten jarraitzeko garaia bukatu da, ez gaituzue engainatuko, ez eta izorratuko ere.
Erraustegiarentzako azpilanetan ari dira hemen. Ez daukate Usurbilgo udalaren baimenik, ez eta Zubietako Herri Batzarrarenik ere. Baina, hala eta guztiz ere, herriarenak diren bideak okupatu eta pribatizatu dituzte, gureak diren bide hauetatik, pasatzea ere debekatuz. Hankapetik pasa nahi gaituzte ase ezinak diren enpresa “gose-pasatuok”, baina ez dute lortuko. Arrazoiaren indarra ez daukanak, indarraren arrazoia behar izaten du, eta horrela, etengabe ikusi ditugu hemen Donostiako udaltzainak eta Ertzainak. Pentsa, argazkiak ateratzeagatik ere kontu eske aritu dira, zer daukate ezkutatzeko bada??
Kontxako badiara begiratuz, sinatzen ditu Zubietarako inposaketak diren udal baimenak Donostiako Goia alkate jaunak bere bulegoan. Errespetoa, parte hartzea, demokrazia, Ez beti da Ez, eta halako hitzekin ahoa betetzen zaio Goia jaunari, baina praktika da hemen bakoitza bere lekuan jartzen duena.
Behar ez diren azpiegiturak inposatuz, herritarron osasuna arriskuan jarriz, ingurumena kaltetuz, diru publikoa negozio pribatuen esku jarriz, horrela ari da jokatzen PNV-PSOE tandema Gipuzkoako Foru Aldunditik, PP eta Diario Vascoren laguntzarekin.
Hemendik, dei egiten diegu herritarrei: erabili ezazue guztiona den bide hau, eta bide batez salatu, egin protesta, hemendik igarotzen zareten bakoitzean, inposatu nahi diguten erraustegi kriminalaren aurka. Ez dute baimenik bide hau oinezkoei eta txirrindulariei ixteko. Ezin digute ukatu hemendik pasatzea. Beraz errepikatzen dugu bide hau ahalik eta gehien erabili behar dugula oinez edo txirrindaz. Horrela bere lana eragotziko diegu.
Ez gaude geldirik, ez gara geldituko!!
Etengabe, jende andana pasatzea nahi dugu hemendik. Libre ibili nahi dugu gure herrian.
Hau ez dago konponduta. Arazo handi bat dauka Gipuzkoako erregimenak Zubietan.
Erraustegiari lotu nahi gaituzte kate lodi batez 35 urterako, baina EZ!!
ERRAUSTEGIRIK EZ, EZ ZUBIETAN, EZ INON!!
Zubieta Lantzen eta Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldea