Kontxa azpitik metroarentzako tunel bat eraikitzea "erokeria" dela salatu dute
Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, manifestazioa egin dute Donostiako Metroaren pasantea gelditzeko eskatzeko. Mila herritar inguruk bat egin dute protestarekin. Easoko tren geltokitik abiatuta dira, manifestazioaren buruak Stop Metroa leloa zeramala. Erdialdeko kaleak zeharkatu dituzte azpegitura honen aurkako leloak oihukatuz: Beharrezkoa ez delako, metroari ez!, Metroaren dirua gastu sozialetan!, Non da parte hartzea? Inposaketa da!, Donostia oinez bai, metroa ez dugu nahi!, Metroa gelditu eta Donostia ez zulatu!, besteak beste.
Kontxako erlojuetara iristean, hondartzara jaitsi dira eta Metroa Kontxa azpian, erokeria! zioen pankarta zabaldu dute. Hain zuzen ere metroa Kontxaren azpian eraiki nahi dutela salatu dute. Madrilgo gobernuak Kosten baimena eman berri duela salatu du Satorralaiak, eta Eusko Jaurlaritzak Itsasertzetako Zerbitzura bidalitako dokumentazioan informazioa manipulatu duela egiaztatu duela esan du. Azpiegitura hau egiteko prozesuan, Mirakontxa-Easo zatia eraikitzeko asmoz joan den astean hiri-erdialdean eta Amaran desjabetzak egiteko prozedura abian jarri dutela azaldu du Satorralaiak. Metroaren tarte honen eraikuntza-lanek hirigunean arazo larriak eragingo dituela dio, eta San Martin, Easo, San Bartolome eta Loiola kaleetan, nahiz Zubiri Plazan (Londres Hotelaren parean) eremu publiko zabalak okupatzea ekarriko duela. Hori dela eta, herritarren erantzuna bultzatzeko asanblada batean parte hartzeko deia egin du: ostegunean, uztailak 20, Amarako eskoletan (Larramendi kalean), 19:00etan. Batez ere gazteak animatu dituzte mugimenduan parte hartzera, bultzada emateko. Satorralaiako kideek adierazi dute metroaren lanek 200 milioi euroko kostua izango duela, 50.000 euro metroaren metro bakoitzak. Plataformak dio “diru xahutzea” dela: “Lau urteko eraikuntza lanak dira, erdialdea eta Antigua auzoa hankaz gora jarrita, hirigunean afekzio larriak eraginez eta hainbat eraikinen egonkortasuna arriskuan jarriz, zarata, hauts eta kutsadura gehiago sortuz”.