Donostiartean gaueko azoka izango da, ostegunetik aurrera

Arte garaikideko azokaren laugarren edizioa egingo dute Kursaalean
donostiartean

Marta Scarpellini antolatzailea eta Miren Azkarate Kultura zinegotzia. (Argazkia: I. Esnaola)

Ostegunetik igandera egingo dute Donostiartean International Art Night Market azoka Kursaalean. Laugarren urtea du hirian, eta berrikuntza moduan, aurreneko aldiz gaueko azoka izango da. Musikak ere garrantzia berezia izango du. Proyectos Scarpellini galeria espainiarrak eta Donostiako Udalak elkarlanean antolatu dute.

Aurtengo edizioak artea, musika eta koktelgintza uztartuko ditu adin guztietako jendearentzat. Goi mailako aukera artistikoak eskainiko ditu, berrikuntza eta diseinua. Horrez gain, mundu zabaleko bederatzi herrialdetatik etorritako 35 galeria eta 150 artista baino gehiagoren lanez gozatzeko aukera izango da.

Arte garaikidearen azokak hainbat gune izango ditu: Europa eta Asiako galeriak; Karibeko, Europako eta Asiako artisten Gune Korporatiboa; Bertako Artistak, hemen sortutako egitasmoei eskainia; Intersections, autore-altzari proposamenekin; Digital Room, betaurreko bereziekin alegiazko errealitateaz gozatzeko; eta Street Art for Kids, non haurrei graffitiaren artea azalduko dien bertako graffitigile batek.

Arteari irisgarritasuna emateko, 65 urtetik gorakoek 3 euroan erosi ahal izango dituzte sarrerak Kursaalean bertan, eta 12 urtetik beherako haurrekin doazen familiek haien sarrera doan izango dute.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend