Uztaila eta abuztuan egunero igarotzen dira erromesak Donostiatik, Donejakue Bideko Kostaldeko ibilbidea egiten ari direla. Claret eskola lotarako gune bihurtzen da bi hilabetez, itxuraldatuz.
Erromesak, euren datuak ematen. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Kostaldeko Bideak dakartza erromesak Donostiara, Donejakue Bidea egiten hasi eta berehala. Groseko Claret eskola moldatzen dute erromesak jasotzeko iaztik, eta ospitalero lanetan ari dira Manu, Enhar, Paqui eta Pepi, Donejakue Bideko Lagunen Elkarteko boluntarioak. Bisita egin die IRUTXULOKO HITZAk: «Gezurra dirudi urte guztian erromesak jasotzeko lekurik ez izatea Donostiak. Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra irekitzen dugu, eta egunean 50-60 erromes jasotzen ditugu hemen. Borrokan ari gara urte osoko aterpe bat lortzeko», dio Manuk. Edonola, munduko txoko askotako bidaiariak jaso dituztela diote: Ameriketako Estatu batuak, Japonia, Herrialde Katalanak, Austria, Italia, Espainia…
Jakintza ikastola erabiltzen zuten aurreko lauzpabost udaretan, baina, iaz, Jakintzan obrak egiten ari zirela eta, Grosera aldatu ziren. Mugitzen joaten dira boluntarioak aterpetxez, eta Manu, esaterako, Zarautzera eta Zumaiara joango da hurrengo hilean. Paquik 22 urte daramatza boluntario gisa, eta harro dio 222 zenbakidun bazkidea dela elkartean.
Lagunartean edo bikotean
Ospitaleroren batek lotan geratu behar izaten du aterpean, eta Manu izaten da gaua pasatzen duena: «Goizean oso goiz joaten dira asko, 5:30erako jaikitzen dira batzuk. Oso jatorra izaten da jendea normalean». Eguerdian, berez, 15:00etan irekitzen dute ikastolako atea, bidaiariak jasotzeko, baina normalean orduerdi lehenago irekitzen dute, jendea kanpoan zain pilatzen hasten delako.
Itzaletan zeuden erromes guztiak asteartean, sekulako eguzkiak jotzen baitzuen goizetik, arratsalderako eguraldia aldatu bazen ere. Igandean eta astelehenean abiatutako bidaiariak zeuden aterpetxea irekitzeko zain, eta, gutxi batzuk, gaua pasa eta hurrengo egunean hastekoak ziren, Donostiatik Zarautz aldera.
Malagatik etorri dira Alberto, Andres, Fran eta Kevin lagunak. Batek esan zuen bidea egin nahi zuela, eta beste hiru lagunak animatu zitzaizkion. Irunen hasi zuten ibilbidea: «Bidearen hasieran galdu egin ginen, baina gero ongi moldatu ginen, laguntzarekin. Jendeak asko lagundu zigun». Bilbora arte egitea zuten buruan, baina aurtengoan zaila ikusten dute. Malagakoak izanik, lehen egunetako beroarekin ez dutela arazorik izan diote. Pasaian igaro zuten lehen gaua, baserri batean, eta oso pozik zeuden jasotako harrerarekin: «Txalupatxoan ibili ginen, zeinen polita den badia!».
Madrilgo Esther ere Irundik hasi zen, bere mutil lagunarekin batera: «Hasieran mantso joan nahi genuen. Aspaldi ez genuen ariketa fisikorik egin eta lehen etapa bi zatitan egin dugu, lasai egokitzeagatik». Berak duela zazpi urte egin zuen bidea, Leondik Santiagora, Bide Frantsesa, eta oso gustura aritu zen. «Irundik eta Hondarribiatik datozenek dute lehen aukera lotarako, eta gu Pasaiatik gatozenez, itxaron egin behar dugu». Mendizaleak direla diote, eta horrek erakarri dituela bidea egitera: «Argazkilari afizionatu naiz eta bidaien inguruko blog bat daukat. Itsasoa eta itsasertza asko gustatzen zaizkit, eta hilabeteko plana dugu. Ongi bagoaz behintzat, bukaerara arte egiteko asmoa dugu». Argi dauka beroa eginda ere zein den oinetakorik erosoena: «Mendiko botak dira onenak, horiek eusten baitizute orkatilla; beroarekin, zoru oneko sandaliak. Beti izan ditut arazoak babekin, baina galtzerdi berezi batzuk erosi ditut».
Murtziako beste hiru lagun ere joan dira Claretera lotara; Antonio, Pedro eta Alberto. Antoniok aurretik egin zuen zati bat, Orreagatik Logroñora, duela sei urte. Orain Santandarreraino joateko asmoa dute, hamahiru etapa eginez. «Irundik Donostiarako bidea gorabeheratsua da, ez nuen honela espero, baina gustura egin dugu».