52. Donostiako Jazzaldiak izen handiko musikariak hartuko ditu hilaren 25era bitartean. Egitarau zabalaren parte dira hainbat musikari donostiar, agertoki askotan zuzenean ariko direnak.
Elena Setien donostiarrak bere azken diskoa aurkeztuko du. (Argazkia: Pablo Axpe)
Agertoki berdean hasi zen atzo, Donostiako Jazzaldia. Stefan Winter artistaren
Poem of a Cell: Triptych of Love and Ecstasy ikus-entzunezkoak eman zion hasiera 52. edizioari. Hilaren 25era bitarte, izen handi zein txikiko talde eta musikariak igaroko dira Jazzaldiaren agertoki desberdinetatik. Joera kanpotik datozen izarrei erreparatzea izan ohi da. Ordea, euskal musikariek ere parte hartzen dute; eta bereziki, donostiarrek
Wayne Shorter, Herbie Hancock, Kamasi Washington eta Macy Gray bezalako jazz musikari esanguratsuekin batera, hiriko hainbat talde eta bakarlari zuzenean ariko dira. Horien artean dago Elena Setien abeslaria. Etzi, hilak 23, emanaldi berezia eskainiko du San Telmo Museoko eguerdietako egitarauaren barruan (12:30). Kopenhage, Londres eta Bartzelona artean musika ibilbidea garatu ondoren, sorterrora itzuli da bi hamarkada luzeren ondoren.
Mikel Azpiroz eta Karlos Aranzegiren laguntzarekin osatu du aurten argitaratu duen
Dreaming of Earthly Things diskoa. Jazz kutsuko pop gozoa jasotzen du. Aipatu bi musikariekin, eta Danimarkako Niklas Knudsen gitarra jotzailearekin emango du kontzertua.
Bihar, Setienekin jo baino egun bat lehenago, Azpiroz teklatu jotzaile donostiarrak bakarkako emanaldia eskainiko du Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean (20:00). Ondo ezagutzen du Jazzaldia, eta bere ardura
Zuri azken lan dotorea hurbiltzen direnei erakustea izango da. Pianoarekin eskainitako melodia lasaiek hartuko dute aretoa.
Iñaki Salvador Quartet bandak Thelonious Monk artista omenduko du, bihar, San Telmo Museoan (12:30). Ehun urte bete dira jazzean eragin nabarmena izan duen pianista jaio zela. Haren obra berreskuratzeko, Salvadorrek luxuzko banda osatu du. Andrzej Olejniczak (saxo tenorra), Gonzalo Tejada (kontrabaxua) eta Borja Berrueta (bateria) izango ditu alboan. Salvadorrek harrera berezia izan du Jazzaldian beste proiektuekin parte hartu izan duenetan.
Hiru aldiz
Emanaldi gehien eskainiko dituen taldea Sky Beats izango da. Gaur eta bihar, Sagueseko agertokian izango dira 19:30ean eta 18:30ean, hurrenez hurren. Azkenik, hilaren 24an, Fnac gunean ariko dira (20:00). Soul musikaren sentsibilitatea eta rockaren indarra batzen dituzte.
Hondartzako agertokia plaza preziatua izanik, Niña Coyote eta Chico Tornado bikoteak ederki bete nahi izango du. Cory Henry & The Funk Aposties estatubatuarren aurretik joko dute, bihar, 21:00etan. AEBetan, Mexikon, Txilen eta Japonian jotzen ibili ondoren, Koldo Soret eta Ursula Strongek itsasoari begira astinduko dituzte musika tresnak.
Jazzaldiko esperientzia aprobetxatzeko aukera izango dute belaunaldi berriko talde eta bakarlariek. Ghost Number & His Typsy Gypsies bandak ezagutzen du jaialdia, eta bigarren urtez jarraian ariko dira. Gainera, bi aldiz. Hilaren 24an Frigo gunean izango dira 22:30ean. Egun bat beranduago, hilaren 25ean, Fnac gunean joko dute 20:00etan.
Alderdi Ederreko agertokiari rocka jarriko dio bihar, Luma bikoteak (22:00). Sara Mansilla eta Iñigo Serrulla bakarlariak, berriz,. Fnac gunean ariko dira. Mansillak gaur eskainiko ditu bere pop doinuak 21:00etan, eta Serrullak bere sormen bizia plazaratuko du etzi, 20:00etan.