Espainiako Gobernuari proiektua ekonomikoki babesteko eskatuko diote EAJk eta PSE-EEk; Garberako hirigintza plan berria onartu dute
Monpasko pasabidearen proiektua irudikatzen duen muntaia. (Argazkia: FRL Arquitectos)
Donostiako udal gobernuak pasa den legegintzaldian bazterturiko proiektu bat berreskuratu, eta aurrera eramatea erabaki du: Monpasko pasabidea. EAJk eta PSE-EEk Espainiako Gobernuari eskatu diote 2018ko Aurrekontu Orokorretan proiektua egiteko dirua aurreikustea. Popularrek babesa adierazi diote proposamenari. Aldiz, EH Bildu eta Irabazi Donostiaren udal taldeak kontra agertu dira.
Ernesto Gasco alkateorde sozialistak proiektuaren garrantzia azpimarratu du, eta aurreko gobernuaren erabakia kritikatu: «Espainiako Gobernuak dirua jarri zuen Monpasko pasabidea egiteko, eta EH Bilduk ez egitea erabaki zuen. Diru hori galdu genuen. Orain akordio zabalagoa dugunez, ondo legoke proiektua bideratzea».
Udal gobernuaren legegintzaldi programak Monpasko azpiegitura aurreikusten dela esan du Eneko Goia alkateak. «Horrelako proiektu bat egitea garrantzitsua da, eta bere aldeko apustua egin genuen».
Hiriak behar ez duen azpiegitura bat dela adierazi dute EH Bilduk eta Irabazik. «Ekologikoa dela esanez, dena egina dagoela esatea ondo dago. Baina Europako txostenen arabera Uliako itsas horma babesturiko eremua da», azaldu du Rikardo Burutaran zinegotziak. Erakunde ekologistek behin eta berriz salatu duten proiektua dela gaineratu du Amaia Martin zinegotziak: «Pasealeku hori egitea zentzugabea da, eta ez du ingurumen bermerik».
Indarkeria matxista
Donostiako Udalak ez du aurkeztu indarkeria matxistaren kontrako udako kanpainarik. Hori dela eta, Naiara Sampedro EH Bilduko zinegotziak udal gobernuari eskatu dio ahalik eta azkarren aurkeztea alderdiekin eta hiriko eragileekin batera.
Hasiera batean kontrol mozioak erantzunik jaso ez badu ere, udalbatzak atzera bota du, PPk eta Irabazik alde bozkatu arren. Ondoren, Duñike Agirrezabala Berdintasun zinegotziak ezezkoaren arrazoiak eman ditu: «Kanpaina abian da, eta Aste Nagusia baino lehen eskainiko ditugu xehetasunak».
Udako kanpaina soilik Aste Nagusira mugatzea kritikatu du Sampedrok. Eztabaidak, ordea, sare sozialetan izan du jarraipena. EH Bilduk Twitterren jarritako txioari erantzunez, sozialistek baieztatu dute festen aurretik aurkeztuko dutela kanpaina.
Garberako plan berria
Bigarrenez hasierako onarpena eman dio udalbatzak Garberako Hirigintza plan berriari. Aldaketa nagusi bat izango du. Aparkalekua lur-azpikoa izango da, eta bi solairu izango ditu. Hasiera batean, kanpoaldean izan behar zuen. PP alderdiak bat egin du plan berriarekin, baina Irabazik eta EH Bilduk kontrako jarrera agertu dute.
Hiriaren merkataritza eredua auzitan jarri dute ezezkoa bozkatu duten bi udal taldeek. «Merkatari txikien kontrako proiektua iruditzen zaigu», salatu du Martinek. Era berean, Garberako hirigintza plana merkatari eta herritarren iritzia jakin gabe aurrera atera nahi izatea egotzi die.
Interes orokorrari begira, saltoki handien beharra zenbaterainokoa den galdegin du Burutaranek: «Merkatariak ez daude gustura aurrera eraman nahi duzuen ereduarekin. Gu ere kontra gaude».
Harridura erakutsi du Gascok EH Bilduk harturiko jarrerarekin: «Garberan 1.000 langile daude egun, eta beste 600 lanpostu sortzeko aukera dago. Merkatari txikiekin ere lan egiteko konpromisoa dugu».