Amaia Sexmilo: ‘Euskotren ligako txartela’

Amaia Sexmilo; Arraun Lagunakeko arraunlaria.

amaia-sexmilo-donostia-arraun-lagunak-2“Ekipo!! Todas mirando a popa!! Sinistuuuuuu, sinistuuuuuu!! Ultimas veinteeeee, goazen!!!! baaat, biiiii, hirruuu, laaau… hamaboost, hamaseeei, hamazaaaazpi, hemezoooortzi, hemereeeertziiiii, hoooogei… bale!!! Ondo ekiipo!”

“Barruan gaude? Eee?”

“Igual ez e…itxaron”

“Buuuff…”

“Baina, bai?”

“Zorionak esan digu horrek?”

“Bai edo ez?”

“Ei! Bagaude?”

“Aber, itxaron…”

“Andrea, zer esaten dizute pinganillotik?”

“Ez diot ondo entzuten… itxaron… seguro? Segurooo?? Bai, bai!!! Ekipo…. Euskotrenen gaude!!!!!

Eta egia zen, sinestea kosta bazitzaigun ere, egia zen, Euskotrenen geunden, Euskotrenen gaude. Lortu dugu.
Eta zer da Euskotren? Zer suposatzen du horrek?

Lehen Mailara igotzea moduan, futboleko Txanpionserako txartela lortzea bezala…

Nola azaldu arraunean ez dabilen bati, zer suposatzen duen Euskotren ligan sartzeak? Ez da erraza esplikatzea, baina bai sentitzea, barruan gaudenok ondo asko dakigu zer den suposatzen duena. Hiru urtez urrutian ikusten genuen helburua sartu berri dugu poltsikoan. Guretzako betikoak izan diren San Juan, Orio eta Hibaika bezalako talde handien artean gaudela esan zigun duela bi asteko sailkapenak. Orain lortutako horretan nabigatzea geratzen zaigu…

Eta pasa berri dugun asteburu honetan izan da gure estreinua. Aste berezia izan da guretzat, urduritasuna nabaria zen, eta nahiz eta ilusio eta indar handiarekin geunden astebururako, beldurrak eta ziurgabetasunak gure barruak nahasten ibili dira. Ez da erraza estropada bakoitzean azkenak ez geratzeko aukerak oso handiak ez direla pentsatzea; eta irteeran ezker eskuin begiratuz hiru traineru indartsu ikusteak ematen duen bertigoari aurre egin eta gurean zentratuz arraun egitea.

Baina horri ere aurre egiteko gai garela erakutsi dugu asteburu honetan, eta astean zehar landu dugun moduan, gure arraunkeratik atera gabe, gure arraun egiteko era tinkoa eutsiz, gurean zentratu gara eta daukaguna eta gehiago eman dugu goikoengandik ahalik eta gertuen egoteko sinesmenarekin. Eta ez zaigu gaizki atera. Badakigu oraindik asko dugula hobetzeko eta ikasteko eta Euskotren ligak bete-betean emango digu horretarako aukera.

Kontxan, gure etxe epelean, gure itsasoetan lortutako Euskotren ligarako txartel preziatua estu hartu eta inoiz inork kenduko ez digun bizipena, aukera eta pribilegio eder honetaz gozatzen jarraitzera goaz, gure zoriontasunak momentu hauetan ez duelako mugarik … 1,2,3 ARRAUN!

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend