Altzako herri plataforma pozik dago, baina kiroldegi berriaren zain
Udalak atzo jakinarazi zuen ez dagoela amiantorik, Altzako kiroldegia eraiki nahi duten lursailean. Altza Osasuntsuagoaren Aldeko Herri Plataformak bere poza adierazi du, prentsa ohar baten bidez: “Jakin dugu ez dagoela amiantoaren eragin berezirik Altzako heriotza tasan, eta Oleta ikastetxean agerian dagoen amiantoa estaliko dutelako erakundeek, ikasturte berria hasi baino lehen”.
Plataformakoen ustez, erabaki onak hartzen ari da orain udala: “Zorionez, zentzua itzuli da erakundeetara. Eusko Jaurlaritzak modu subsidiarioan estaliko ditu Oleta ikastetxetik gertu dauden lurrak, udalak eskatuta; harik eta udalak behin betiko irtenbidea egin arte, kutsadura kentzeko”. Horrela, lanak ikasturtea hasi baino lehen bukatuak egongo direla diote, edozein arrisku saihestuz.
Pozik daudela diote, baina euren lana beharrezkoa izan dela: “Albiste pozgarriak dira, baina azpimarratu behar dugu altzatarrok antolatu eta presioa egin behar izan dugula, herritarron kezkak argitu eta prebentzioko neurri horiek har zitzaten erakundeek”. Gainera, kexatzeko tartea ere hartu dute: “Oraindik argitzeko ditu udalak Altzako kiroldegiko erabiltzaileoi eskaini beharreko konpentsazio neurriak, eta altzatarrok kiroldegi berria behar dugu, bizi kalitate hobea izateko”.