Etxebizitza osoak eta konpartituak alokatzeko aukerak Donostian. (Infografia: Montera 34)
Iaz hasi ziren Hirikilabs laborategian Airbnb efektuaren inguruan ikertzen. Hiritar talde batek datuak bildu eta txosten bat argitaratu du Airbnbk Donostian duen presentzia irudikatuz.
Iaz hasi ziren Tabakalerako
Hirikilabsen –teknologiaren erabilera soziala, kritikoa, sortzailea eta kolaboratiboa uztartzen dituen laborategian– Airbnb efektua lantzen. Hogei bat hiritar elkartu eta intereseko gai bati heldu nahi zioten, eta horrela hasi ziren Airbnbk Donostian izandako eragina datuetan biltzen.
Lehengo saiakera horretatik jaio zen
Efecto Airbnb en Donostia izeneko webgunea. Bertan, hainbat datu interesgarri jaso zituzten; 819 etxebizitza, 312 gela eta 8 gela konpartitu daude alokairuan Airbnbn, Donostian. Guztira, hirian, 4.553 plaza. Auzotik auzora dagoen aldea ere ikertu zuten. Iragarki gehien dauden auzoak Erdialdea, Gros eta Antigua dira; gutxien dituztenak, berriz, Zubieta, Miramon-Zorroaga eta Igeldo.
Lehen saiakera hartan hainbat datu lortu bazituzten ere, Ibai Zabaleta, Hirikilabseko koordinatzaileak dio ez zutela galdera guztiak erantzutea lortu: “Kalean asko entzuten den kontua da Airbnb efektuaren ondorioz alokairuen prezioa igo egin dela Donostian, guk datuen bidez hori frogatu nahi genuen baina ez dugu lortu”. Izan ere, horretarako, ikerketa marko zabalago batean egin beharko litzatekeela uste du eta “konplexuagoa” dela gaineratu du. Dena den, pozik daude parte hartzaileak, izan ere, hasieran planteatutako galdera gehienak erantzuteaz gain, antzeko egitasmoak beste leku batzuetan egitea ahalbidetu dute.
Datu bilketa egiteko orduan Montera 34 taldearen laguntza izan zuten. Montera 34koek Webguneen garapenean, ikerketan, mapak egiten eta datuen irudikatzean egiten dute lan. Bi lagunek osatzen dute taldea eta Zabaletak azpimarratu du beraien lana “ezinbestekoa” izan dela Airbnb efektua ikerlanerako. Aurretik ere antzeko hainbat egitasmotan aritu dira Montera 34ko kideak, ‘Black’ txartelen kasuan, esaterako, datuak Twitterren irudikatu zituzten. Bestalde, Cadaveres inmobiliarios izeneko beste egitasmo “ezagun” bat ere egin zutela kontatu du Zabaletak.
Montera 34ko kideen lana izan da hain zuzen ere datuak eskuratzea. Zabaletak azaldu du Airbnbko orrialdeetan bilaketa egin ostean guztira 300 eskaintza inguru ageri direla beti, ez gehiago; eta beraz, horrek zaildu egiten du benetan zenbat etxebizitza dauden ikustea. Datu horiek ikusgai ditu Airbnbk baina Zabaletak dio datu horiek eskuratzeko scraping egin behar dela Airbnbren webgunetik.
Behin datuak eskuan zituztela, beste topaketa bat antolatu zuen Hirikilabs laborategiak uztailaren 13an. Topaketaren helburua galdera gehiago erantzun eta Airbnb efektuaren inguruko mahai inguru bat egitea zen. Horregatik, ikuspuntu eta leku ugaritako esperientziak bildu zituzten:?Mallorcako Terraferida eta Dinsairbnb elkarteak; Bartzelonako Santiago Espinosa, datu bilketan aditua; eta pisu turistikoak kudeatzen dituen Aperture enpresako Asier Pereak hartu zuten parte.
Hemendik aurrera ere gaiaren inguruan ikertzen jarraitu nahi dutela azaldu du Zabaletak: “Guretzat idealena gaia lantzeko lan talde finko bat sortzea litzateke, momentuz posta bidezko sare bat soilik daukagu”. Zabaletak gaineratu du Hirikilabs irekita dagoela herritarrei beraien intereseko gaietan sakontzen laguntzen jarraitzeko.
Ibai Zabaleta, Hirikilabs: “Datuek informazioa egiaztatu eta indartu egiten dute”
Ibai Zabaleta, Hirikilabseko koordinatzailea. (Argazkia: Malen Aldalur)
Zer dela eta hasi da Hirikilabs Airbnb efektua lantzen?
Gu laborategi hiritar bat gara kultur proiektu baten barruan. 2013tik hainbat gauza lantzen ari gara, baina egia da gehienak fisikoagoak edo izan direla; altzariak eta inprimagailuak egitea eta kodeekin lan egitea, esaterako. Dena den, bageneukan gogoa datu bilketarekin zerbait egiteko. Inguruko komunitate ezberdinetara iristea interesatzen zaigu eta datuak hainbat kolektiborentzako interesgarriak izan daitezkeela iruditzen zaigu; kazetarientzako, aktibistentzako eta hiritarrentzako oro har. Datuek informazioa egiaztatu eta indartu egiten dute.
Eta Airbnb hartu zenuten gaitzat.
Pisu turistikoen kasua interesgarria iruditu zitzaigun; kalean dagoen gai bat da eta parte hartzaileek horixe proposatu zuten.
Nortzuk hartu dute parte egitasmoan?
Denetariko jendea egon da: besteak beste, hiritarrak, udaleko jendea, turismo munduan aritzen direnak eta ikertzaileak. Bazeuden batzuk tresnen ezagutza minimo bat zutenak, beste batzuk, aldiz, gaian zuten interesagatik soilik gerturatu ziren. Hasieran 20 lagun inguru geunden lan taldean, gerora aldiz hamalau lagun inguru izan dira jarraikotasun batekin lanari heldu diotenak.
Zein izan da zuen egitekoa?
Hasieran gure lana galderak egitea izan zen:?zenbat pisu turistiko dauden Donostian edo zein auzotan dauden pisu turistiko gehien. Ondoren, Montera 34ko lagunen laguntzarekin datu horiek guztiak webgune batean jarri genituen ikusgai.
Geroztik beste topaketa bat ere egin duzue.
Metodologia berarekin jarraitu nahi genuen. Baina oraingo honetan beste esperientzia batzuk ere ekarri nahi genituen gurera. Asmoa zen Madril, Mallorka eta Bartzelonako esperientzia biltzea baina azken biak soilik lortu genituen. Bestalde, Euskal Autonimo Erkidegoan lan egiten duen Aperture enpresa ere ekarri genuen bere ikuspuntua jasotzeko. Eurak pisu turistikoak kudeatzeaz arduratzen dira.
Zein da beraien ikuspuntua?
Eurek esaten dutena da pisu turistiko moduan alokatutako etxebizitza batetik %45eko errendimendua ateratzen zaiola, eta betiko alokairu arruntarekin errendimendua %60koa dela. Hori egia da, baina horretarako dena legalitatearen barruan egin behar da eta zerga guztiak ordaindu behar dira, eta hori ez da gertatzen.
Airbnb euren konpetentzia da?
Ez bere horretan. Aperture izenaren barruan sei edo zazpi enpresa daude. Datuak eskuratu genituenean ohartu ginen eurak direla Donostian pisu turistiko gehien kudeatzen dituztenak. Baina horretarako Airbnb plataforma ere erabiltzen dute. Azkenean, beste bitartekari bat gehiago dira. Zuk pisua beraiei uzten diezu eta eurek Airbnbn jartzen dute erabiltzaile bat gehiago bezala. Beraiek defendatzen dute bitartekaritza horrek kalitatea ziurtatzen duela, izan ere, noski bitartekaritza horiek alokairuaren prezioa garestitzen dute.