Aulki mugikorrean zein tostartean arraunari tiraka aritu ostean, kronoak eskuan hartu eta estropadak arautzera igaro dira Elias Arruebarrena eta Joseba Clavijo.
Elias Arruebarrena eta Joseba Clavijo, Kaian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Arraunean, gainontzeko kiroletan bezalaxe, epaileak behar izaten dira, arauak ezarri eta erabakiak hartzeko, estropaden egunetan. Badira donostiar dezente epaileen artean, eta horietako birekin egon gara: Elias Arruebarrena (Erdialdea, 1990) eta Joseba Clavijo (Loiola, 1972).
Biak arraunlari ohiak dira; Clavijo Fortunan hasi zen bateletan, haurra zela, eta ondoren, Urkin egin zuen bere ibilbide osoa, arraunlari eta entrenatzaile gisa. «Arraunean ezin nuen jarraitu, urteek ez dutelako barkatzen. Entrenatzaile gisa ere nire bidea bukatu zela ikusi nuen. Ez dakit nola gurutzatu zitzaidan eta arraunarekin harremanetan jarraitzeko hasi nintzen epaile, duela lau urte». Arruebarrena ere Urkin hasi zen arraunean hamalau urterekin, eta Donostiarran ere aritu zen traineruan; iaz egin zuen bere azken denboraldia. «Lanarekin arazoak nituela eta, iaz utzi nion arraunean egiteari. Denboraldi honetan animatu naiz epaile bezala itzultzera, 2010ean ere zerbait ibili ostean; arrauna gustuko dudalako eta murgilduta jarraitzeko».
Kronoa dute lagunik finena, eta beti eramaten dituzte koloretako banderak, megafonoa, epaileentzako txalekoak, eta, batzuetan, bideo finisha. Argi dute ez dutela lan gisa hartzen euren egitekoa. «Gogorik ez dudan egunean, utzi egingo dut. Ilusioarekin joaten naiz estropadetara, gozatu egiten dut, eta bete egiten nau», dio Clavijok. Arruebarrenak ere aisialdi gisa hartzen du: «Ardura bat duzu, baina lan bezala hartzen baduzu… nik behintzat zaila ikusiko nuke jarraitzea».
Bi ordu lehenago, eremuan
Arraunlari eta klubetako arduradunek euren betebeharrak dituzten bezala, epaileek ere badituzte euren egitekoak, estropaden aurretik. «Bi ordu lehenago egon behar gara estropada eremuan, eta, normalean, elkarrekin geratzen gara joateko kotxeetan», dio Arruebarrenak. «Delegatu bileran egoten gara, eta estropadaren arabera fitxak eta izen emate orriak begiratzen ditugu. Kontutan hartu beharrekoak aipatzen dizkigute, eta presidenteak erabakitzen du epaile bakoitzak zein postu beteko duen: denborak hartu, uretan egon…», gehitu du Clavijok.
Argi daukate euren lanerako oso baliagarria izan zaiela arraunlari gisa aurretik izandako esperientzia. Espainiako Federazioaren bidez ere epaile lanetan aritu da Clavijo, bigarren denboraldia du aurtengoa. Espainiako txapelketetan aritu da: «Aurten bateletan aritu naiz, Sestaon zelako Espainiako Txapelketa eta ez joateak tripako mina jartzen zidalako. Gainontzean, aulki mugikorreko lehietara joaten naiz, niri hori gustatzen zait. Nazioarteko epaile titulua ere atera nahi dut, beste herrialde batzuetara joateko». Arruebarrena ere aritu da Sevillan, Espainiako Txapelketan eta oso esperientzia ona izan zela dio. Horietan, bidaiaren gastuak euren kontu ordaindu behar izaten dituzte, baina argi dute merezi duela. «Hemen enfoke guztia bai dirua, traineruek eramaten dute. Orduan, aulki mugikorretarako estropadetarako askok ez dute joan nahi, eta ez zaio garrantzia handiegirik ematen», dio Arruebarrenak.
Ez direla koloreengatik mugitzen argi daukate: «Berdin zait nork irabazten duen. Batzuetan ilusioa egiten dizu norbaitek irabazteak, baina agian kontrolean ezagutu duzun norbait da, eta besterik gabe jatorra iruditu zaizu. Traineruetan, adibidez, beti ezagutzen duzu jendea eta harremana duzu, baina urte batean berdez daude, hurrengoan gorriz, eta hurrengoan arrosaz», dio Clavijok. «Lagunak ditudan klubek irabaztea nahiago izaten dut, baina erabakiak hartzeko garaian ez zaizu hori burutik pasatzen. Gainera, uste dut zorrotzagoak izaten garela gertukoekin», azaldu du Arruebarrenak.
Edonola, Clavijoren ustez zailena da araudia aplikatzea eta jendeak ulertzea. Liga bakoitzak bere arautegia duela dio, eta, iaz, esaterako, liskarra izan zuela Euskadiko Traineru Txapelketan, gizonezkoekin. «Bandera gorria jaitsi baino lehen atera ziren hiru traineru, eta hirurei eman genien irteera faltsua. Euskadiko Federazioko arautegiak hori dioelako. Kontua da, uda guztian ohituak daudela TKE ligako arauekin, eta hor dio lehenengoa bakarrik zigortu behar dela. Kexatzera etorri ziren eta momentu gogorra izan zen». Gainontzean, Orio iruditzen zaio epaile izateko eremu zaila, aulki mugikorretako estropadetan:?«Estropada asko izaten dira eta oso jarraian; konplikatua izaten da».
Gipuzkoako arraunari erreparatuz, traineruei garrantzia handia ematen zaiela dio Clavijok, eta aulki mugikorretan beherakada handia egon dela uste dute, Euskadi mailan, gainera: «Lehen euskal taldeak indartsuak ziren Espainia mailan, eta orain klub batek dominaren bat lortzea sekulako arrakasta da. Donostian bertan, trainerurik ez balitz egongo, gutxik ezagutuko lukete Urkik eta Arraun Lagunakek aulki mugiko