Axier Jaka. (Argazkia: I. Esnaola)
Axier Jaka; zinegotzi ohia
Sei urte egin ditu udalean Axier Jakak (Gros, 1984), EH Bilduko udal taldeko zinegotzi gisa. Politikagintzan jarraituko duen arren, aro bat itxi eta berri bati hasiera ematea erabaki du.
Zergatik utzi duzu udala?
Arrazoi pertsonal eta profesionalengatik. Udalean zinegotzi gisa egiteko nuen ekarpena bukatu da. Sekula ez dut bokaziorik izan zinegotzi gisa irauteko denboran. Sei urteko bide luzearen ondoren, nire etapa hau bukatu dela sentitu dut. Dena dela, oinarrizko militante gisa jarraituko dut ezker abertzalean.
Lau urte udal gobernuan, eta bi oposizioan. Nolakoa izan da zure esperientzia?
Oso emankorrak izan dira sei urteak, pertsonalki eta politikoki. Udal gobernuan izan ginenean, Donostiarentzako aldaketa sakon bat egin genuen kualitatiboki eta politikoki. Oposizioan, berriz, EH Bildu udal taldearen proiektua egonkortzen jarraitu dugu. Hasieratik, herritarrekin eta herri mugimenduekin elkarlanean aritu gara, eta asko ikasi dugu. Azken bi urte hauetan, proposamen garrantzitsuak garatu eta aurkeztu ditugu; mugikortasunarekin inguruko tren-bus proiektua, eta Donostiaren neurrirako turismo eredua.
Zein da zinegotzi gisa bizitako momenturik txarrena eta onena?
2011ko azaroko uholdeak izan ziren unerik txarrena. Martutene eta Txomin Eneako bizilagunek asko sufritu zuten, eta guk ere bai. Gertaera horrek erabat baldintzatu zuen gure legealdia, baina lehen lerroan jarri ginen. Aldiz, momenturik onena Donostiako udalbatzatik erregearen koadroa kendu zenekoa izan zen.
Partaidetza zinegotzia izan zinen aurreko legealdian. Zein balorazio egiten duzu?
Nire helburu nagusia izan da erabaki ahalmena hautetsietatik herritarrengana pasatzea. Horretarako, metodologia, prozesu eta eredu desberdinak abian jarri genituen. Herritarren partaidetza sustatzeko konpromisoa hartu nuen. Izan ere, egungo herri administrazioen erabakitzeko ahalmena soilik hautetsiengan dago, eta ezin dira kapitalaren eta elite ekonomikoen mesedetara utzi.
Herri kontsulten udal araudia EH Bilduk bultzatu zuen. Lorpen handia izan zela uste duzu?
Araudi hori behetik gora eraiki zen; herritik udalera. Horrek eraman zuen talde politiko gehienak ados egotea araudiarekin. Garaipen bat izan zen. Tamalez, gobernu aldaketarekin adostasun hori ez da mantendu. Uliako haztegien inguruan hiritar kontsulta egitea proposatu zen eta udal gobernuak ezetza eman zion. Oztopo juridiko nabarmenak izan arren, zezenketen aldeko galdeketa egiteko aukera galdutzat eman da. Satorralaia mugimenduak egindako metro igarobidearen kontsulta eskaerari zein erantzun ematen dioten ikusi beharko da.
Autokritika egin beharko bazenu, zertan ez duzue asmatu?
Nabarmena da akatsak egin ditugula. Aurpegia eman dugu beti, eta beti prest egon gara akatsak onartu eta, ahal den neurrian, konpontzeko. Dena dela, 2011n udal gobernua osatu genuenean bizi genuen testuingurua azpimarratu behar da. Aurrekontu gaitasun txikiena izan genuen, eta horrek asko mugatu gintuen. Nahi bezainbeste egin ez izanaren sentsazioa daukat.
Egungo udal gobernuaz zein iritzi duzu?
Atzerapauso nabarmenak eman ditu hainbat alorretan. Kudeaketari dagokionez, bi urtetan ez dira gai izan proiektuak aurrera eramateko eta dirua inbertitzeko. Hiri ereduan, ez dira gai izan barrutien proposamenari hasiera emateko. Udal gobernu honen sinaduran Garberaren handitze proiektua geratuko da. Merkataritza ereduari kalte nabarmena eragingo diote. Turismoaren eragin negatiboak eta horri erantzun egokia emateko gaitasun falta ere hor dago. Udalak soilik dio ez dela horrenbesterako.
Zeintzuk dira udalaren berehalako erronkak?
Herritarragoa izan behar du Donostiako Udalak. Erronka nagusi eta orokorra da. Hori bermatzeko egin genuen lana eten dute. Bestalde, etxebizitzena da dugun erronka. Txosten tekniko guztiek genekiena diote; hemengo gazteak hiritik kanpora doaz. Turismoaren eraginak alokairuen eskaintza gutxitu eta garestitu du. Arazo estrukturala bizi dugu, eta udalak ez dio behar bezala eutsi arazoari.
Politikagintzan aritu izanak zein ekarpen egin dizu?
Egia esan, asko ikasi dut. Ezberdina da kalean aldaketaren aldeko lan politikoa egitea, eta herri erakunde batean lan hori egitea. Bi joko zelai desberdin dira. Aberasgarria izan da kaleko lan politikoa udaletik ere egiten ikastea.
Zein mezu duzu zure udal talde ohiarentzako?
Udal gobernuaren erabaki eta politika okerrak iraultzeko ahalik eta gehiena egin dezatela. Era berean, aurrera begirako proposamenak herritarrekin adostu behar dituzte. Hau da, orain arte bezala.
Ayem Oskoz donostiarrak hartuko du zure lekua.
Gizarte langilea da, ni bezala. Hasieratik, EH Bilduren barruan aritu da lanean eta bere konpromisoa agertu du. Aurrera begirako bokazio handia du Oskozek.
Zein asmo dituzu orain?
Politikagintzan jarraituko dut ezker abertzaleko eta Sortuko militante moduan. Nire ekarpena egiten segiko dut Donostiaren eremuan. Horrekin batera, nire garapen profesionalari jarraipena emango diot. Zinegotzi izan aurretik, Zumaiko udalean egin nituen praktikak gizarte langile gisa. Ondoren, Gipuzkoako Aldundiarentzako lanean aritu nintzen adingabeen babeserako programa batean. Nire bizitza eremu publikoarekin lotu