2005etik lanean dihardu Espai Catalunyak, Donostiako Via Fora jatetxean duten egoitzan. Hemen bizi diren katalanen sarea sortu eta jarduera ugari egiten dituzte.
Ikasle batzuk, Espai Catalunya topalekuak eskaintzen dituen katalanezko ikastaro batean. (Argazkia: L. Ferreira)
Kataluniaren presentzia aspaldikoa da Donostian. Garai batean, katalanen komunitatea Viktoria Eugenia antzokiaren behealdean zegoen. «Katalunia Etxea oso aktiboa izan zen, eta ekarpen handiak egin zituen: tartean, Pio XII.aren plazako iturria eta Katalunia plaza», azaldu du Cristina Lagek, Espai Catalunya topalekuko presidente eta Via Fora jatetxeko arduradunak.
Denbora igaro ahala, ordea, desagertzen joan zen Katalunia Etxea, 2005. urtean Espai Catalunya topalekua sortu zuten arte. «Maria Kristina hoteleko bankete arduraduna nintzen garai horretan, eta aukera izan nuen Donostian Kataluniako komunitate bat sortzeko, Euskal Etxe baten antzekoa», gogoratu du Lagek.
Bartzelonara joan zen Lage, eta bertan hainbat kontseilarirekin bildu zen. Turismoaz arduratzen zenak esan zion leku adierazgarri bat nahi zutela komunitatearentzako, baina Donostiako lokalen alokairuak oso garestiak zirela: «Azken batean, Kataluniako gobernuak ematen zigun diru laguntza jarduerak egiteko zen, eta ez alokairu bat ordaintzeko».
Horregatik, jatetxe bat irekitzeko proposamena luzatu zion Turismo arduradunari. Jatetxea eta komunitatearen egoitza izango zen:?«Bere ilobak kate bat sortu zuela esan zidan, Via Fora izenekoa, eta gastronomiaz harago, kulturaren sustapena egiten zutela. Ideia gustatu zitzaidan eta Manresara joan nintzen lekua ezagutzera». Egitasmo hura oinarri, Federico Garcia Lorca pasealekuko Via Fora jatetxea ireki zuten, eta hortxe finkatu zuten Kataluniako komunitate berria: Espai Catalunya.
Proiektua sortu zuten katalan eta euskaldunen komunitateen loturak indartzeko: «Kataluniako jende asko bizi gara Euskal Herrian, eta gure herriarekin harremana duen guztiarekin interes handia ikusten dugu». Hortaz, Kataluniatik etortzen direnentzako harrera gunea izan nahi dute, eta kultura, turismoa eta Kataluniako komertzioa sustatzea dute xede, euskal kulturarekin elkarlanean.
Hori guztia islatzeko, zenbait jarduera egiten dituzte: mikro ipuinen lehiaketa, haurrentzako jolasak katalanez, Liburuaren Nazioarteko Egunean katalanezko liburu batzuk jartzen dituzte gune batean… Betiere, hirian dauden bestelako jarduerak kontuan hartuz: «Kultura mailan, milaka gauza gertatzen dira Donostian. Orduan, zertarako guk zerbait asmatu elkarlanean aritu bagaitezke?». Adibiderik argiena da Jazzaldia: «Jazzaldiko agendaren barruan, hiruzpalau talde katalanek jo izan dute, eta gune bat eskaini izan digute gure kultura sustatzeko».
Horretaz gain, egun, katalanezko eskolak dira arrakasta handia duen jardueretako bat. Ofizialak dira eta urtean behin azterketak egiten dituzte Via Fora jatetxean bertan. Ikasturtean zehar joaten diren ikasleak, bereziki, kultura ezagutzea dute helburu. Udan, berriz, unibertsitate ikasleak dira elkartzen diren gehienak, udazkenean Kataluniara doazelako ikastera.
Antzekotasunak
Euskal eta katalan kulturek antzekotasunak dituztela azaldu du Lagek: «Bitxia da, baina sagardotegi eta calçot garaiak aldi berean gertatzen dira. Bi kulturentzako gastronomia baino gehiago dira, alderdi kultural eta sozial handia dute». Era berean, Gipuzkoako eta Gironako izaerak oso antzekoak direla uste du.
Halere, katalanen miresmena Euskal Herriarekiko askoz handiagoa dela dio Lagek: «Katalanek oso ongi ezagutzen ditugu euskal kultura, ohiturak… Baina, bueno, uste dut gutxinaka lortzen ari garela euskaldunek Salou bakarrik ez ezagutzea».
Aurki kanpaina berri bat jarriko du abian Espai Catalunya topalekuak, bazkide berriek izena eman dezaten. Gipuzkoan bizi diren katalan guztiak elkartu nahi dituzte, eta sortu duten sarea handitzen jarraitu. Interesa duenak
espai@espaicatalunya.org posta elektronikora idatzi dezake.
Eva Larzabal, Parte Zaharra: «Oso aukera ona izaten ari da; lasaiago joango naiz Bartzelonara»
Nolatan hasi zinen Espai Catalunyak eskaintzen dituen katalanezko eskoletan parte hartzen?
Hurrengo ikasturtean, bi urteko master bat egingo dut Bartzelonan, eta pentsatu nuen ondo egongo litzatekeela katalana aldez aurretik ikastea, oinarrizko maila bat izateko.
Zergatik aukeratu zenuen Bartzelona zure ikasketekin jarraitzeko?
Bilbon ikasi dut orain arte, eta aukera nuen bertan jarraitzeko, baina Kataluniarekin nolabaiteko harremana sentitzen dut, antzekotasunak nabaritzen ditut gure kulturen artean, eta gogoa nuen bertan bizitzeko.
Zer iruditzen zaizkizu Espai Catalunyako egoitzan katalanezko eskolak egin ahal izatea?
Egia esan, aukera oso ona izaten ari da; lasaiago joango naiz Bartzelonara, prestatuago. Hiria, jendea, unibertsitatea… dena izango da berria; beraz, hizkuntza behintzat zertxobait ezagutzen badut, lasaiago egongo naiz.
Uztaila eta abuztuan egongo zara eskolak jasotzen. Zer moduz orain artekoa?
Esaten dute katalana erraza dela, baina ez pentsa! Ulertzeko nahiko erraza da, baina hitz egitea da zailena iruditzen zaidana.
Nolakoak dira eskolak?
Egunero bi orduko klaseak ditugu. Lehenengo egunetik irakasleak katalanez hitz egin digu, eta denetarik egin dugu: ariketak, abestiak entzun, telesailen bat ikusi… Egia esan, oso dinamikoak dira, eta kulturaren barruan sentitzen naiz.