Sara Zozaya bakarlari donostiarra abuztuaren 2an ariko da Guardetxean. (Argazkia: Aitor Zarzuelo)
Guardetxe Acoustic Sessions egitasmo berria abiatu zuten herenegun, Guardetxeko terrazan. Udan zehar zenbait bakarlari eta taldek kontzertu akustikoak eskainiko dituzte Urgull magaleko gunean, 17:00etatik aurrera. Sarrera borondatezkoa izango da.
Musika munduan aritzen diren zazpi lagunen artean antolatu dituzte zuzeneko saio akustikoak. «Gure helburua da musika akustikoa bultzatzea eta Guardetxean espazio bat sortzea», azaldu du Iker Beñaran antolatzaileetako batek. «Gertuko hainbat artisten musikari aukera eman nahi diegu». Hala, estilo desberdinetako artistak ariko dira zuzenean.
Lorelei Green eta Pj Kahuna & Sara Grajal musikariek inauguratu zuten egitaraua, iragan asteazkenean. Hurrengo astelehenean, berriz, Flor & Goiz Rebel eta Noosa Marshal ariko dira Guardetxeko terrazan. Doinu afrikarrak eskainiko dituzte.
Abuzturako ere beste hiru kontzertu iragarri dituzte. Hilaren 2an, Sara Zozaya eta Peruone bakarlariak ariko dira, 7an Loope eta Patricia Luna, eta 9an Beñaranks, Gustab eta Bu2ro.
Udako astelehen eta asteazkenetarako proposamen ona dela uste du Beñaranek. «Guardetxeko terrazan egotea kontzertu bat entzuten oso atsegina da». Zuzeneko musikarekin batera, janaria eta edaria ez dira faltako hurbiltzen direnentzako.