(Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak sinatu duten lankidetza hitzarmenari esker, Larrialdiak Koordinatzeko Zentro Bateratua izango da Garberako su-hiltzaileen egoitza. Imanol Lasa Gobernantza diputatuak eta Eneko Goia alkateak azaldu dituzte gaur hitzarmenaren xehetasunak. Urte bukaerarako zentroa abian jartzeko asmoa dute.
Proiektu berriak egungo egoitza handituko du, etorkizun hurbilean aipatutako bi erakundeetan larrialdi eta suhiltzaile koordinazio lanak egiten dituzten langileak hartzeko. Bestalde, zentro berriaren alboan bulego bat jarriko dute zaintza buruarentzat, eta atsedenerako eta zerbitzuetarako zona osagarri bat. Komunikaziorako, informatikarako eta bestelako beharrezko instalazioak eta ekipoak osatuko dira, 2017aren amaierarako zentro bateratua erabat martxan egon dadin.
Aldundiak 330.000 euro jarriko ditu proiektu teknikoa egiteko, handitze eta egokitzapen lanak gauzatzeko eta zentroaren funtzionamendu operatibo egokia izan dadin beharrezko materialentzako. Udalak, berriz, Garberako egoitzan lan egiten utziko dio erakunde foralari, zentro berriarentzako espazioa prestatzeko.