Nikolas Yurramendi: 'Azken olatua'
Nikolas Yurramendi; Donostiarrako arraunlaria.
Gauza zailak lortu ondoren, errazagoak etortzen direla pentsatzen dugu askotan, baina aurtengoan, errematea jartzea ere gogorra izango da. Lehengo urtean ez bezala, play-off-erako txartela matematikoki eskuratu dugu ligaren amaierarako hiru estropada falta direla, eta egun garrantzitsuak, pixkanaka gerturatzen joango dira.
Egin berri dugun Plentziako jardunaldi bikoitzeko ikurrina gozoa izan da taldekideontzako. Egun aurreneko taldean ibiltzen garen arraunlari guztiok josi bai dugu trapuaren zatiren bat. Larunbateko estropadari buruz zer esango dut ba… Zeinen gogorra demonio! Ikuslearentzako ez da estropada gozoagorik egongo ziurrenik, eta barnetik ere, aurrenengo postua lortu ondoren arnasestuka arnasa lasai hartzeko arrazoiak izan genituen. Azken metrotan, Sotera eta Lekittarrari aurre hartzeko aukera bakarra izan, aukera gogor eutsi, eta berrehun metro falta zirela olatutxoa hartu genuen, olatua.
Larunbatetik Igandera, bost aldaketa egin eta bigarren egunean errematea jarri genuen estropadaren aurrea ondo hartuz. Larunbatekoa ia edozein ikuslerentzako estropada polita izan bazen, larunbatekoa gure jarraitzaileentzako soilik izan zen polita. Niri behintzat, erabat asegarria egin zait, eta benetan denon ikurrina denekoa sentitzen dut.
KAE liga amaitzeko falta diren hiru estropadak Hondarribikoa, Zarautzekoa eta Deustu-Bilbokoa dira, eta gure saiakerak ondo hasitakoa ondo edo hobeto egite bidetik joango dira.
Estropadaz estropada joateko eskatzen digu entrenatzaileak, eta hala egiten dugu, entrenamenduz entrenamendu. Baina barrenak mugitzen dituzten garaiak ere gerturatzen dabiltzala sumatzen ditugu, badugu gogoa!