Txistularien kontzertu nagusiak 40 urte beteko ditu larunbatean
Aste Nagusiaren hasierako txistularien kontzertu nagusiak 40 urte beteko ditu larunbatean, hilak 12. Euskal Herriko Txistulari Elkarteak eskaintzen duen txistularien festa Konstituzio plazan izango da 20:30ean.
Programa berezia prestatu dute larunbaterako. Donostiako Kresala Elkarteak 50 urte bete dituela eta, gonbidatu berezi bezala ariko dira txistularien emanaldian. Hirian ezagunak diren hainbat dantza, koreografia berria eta danborradarako hainbat pieza eskainiko dituzte: Donostiako Antzinako Ereserkia, Idiarena-Mazurka, Goiz deia, Artzain eta iñudeak, Bilantzikoa, Sagar dantza, Buba eta Bubu, Kresala danborradako kalejira eta abar.
Bestalde, dantzari dagokionez, Juan Ignazio Iztueta dantzari zena omenduko dute. Hiru atalen bitartez ekarriko dute Iztuetaren lana gogora. Xabier Artola dantzariak San Sebastian izeneko soinu zaharra dantzatuko du. Jarraian, Jon Imanol Etxabek kantatuko ditu Iztuetak bere maiteari, Kontxesiri, egindako abestiaren bertso batzuk. Eta borobiltzeko, Kresala taldeko dantzariek Iztuetak berak jasotako Bilantzikoa dantza eskainiko dute.
Amaia Arberas sopranoak, eta Estitxu Pinatxo eta Petti abeslariek ere parte hartuko dute kontzertuan. Azkenik, Uztaritzeko txistularien bandak hainbat pieza eskainiko ditu.
Kontzertua Jose Ignazio Ansorenak zuzenduko du eta Xabier Otaegi arituko da aurkezle lanetan.