Hamabost urte bete ditu Donostiako Piratak mugimenduak, eta oraina egonkortzeko oztopoak badituzte ere, etorkizunerako oinarri sendoa garatu dute hiria lehen aldiz abordatu zutenetik
Brankatik behera aingura bota zuten, eta ordutik desberdina da Aste Nagusia. Hamabost urte bete dira Donostiako Piraten lehen abordatzetik. Hasiera hartatik, urtez urte, jai herrikoi eta parte-hartzaileen eredua landu eta indartu dute. Urteurrena ospatu eta azpimarratzeko, egindako itsas bidaia ondo deskribatzen duen leloa aukeratu dute: 15 urteko enbata, Gora Donostia Pirata!
Donostiako Piratek pixkanaka idatzi dute beraien historia, eta irakurtzeak merezi du. Hamabost urteko ibilbidea beteta, historia idazten eta kontatzen segitzeko konpromisoa agertu dute. Oztopo eta askotariko trabak hasieratik izan dituzten arren, aurrera egitea lortu dute, eta aurrera begira ere antzera ibili edo nabigatu nahi dute.
2003tik 2017ra bitartean ondo baliatu dute jai herrikoien iparrorratza, eta bidean altxor esanguratsuak topatu dituzte.
ABORDATZEA
Aste Nagusi Pirataren altxor edo ikur ezagunena da abordatzea. 80ko hamarraldiaren bukaeran Donostiako Herri Jai Batzordeak, besteak beste, bultzatu zituen jai herrikoiak berreskuratzeko hainbat eragile bildu ziren. Hain zuzen ere, 2003ko udan auzo batzuetako gazte asanblada eta jai batzordeak, Parte Zaharreko tabernari batzuk eta zenbait herritar elkartu ziren kaian. Orduan erabaki zuten lehen abordatzea antolatzea.
Urte hartako abuztuaren 11n hogei bat ontzik eta berrogeita hamar bat lagun ausartek Donostia abordatu zuten aurreneko aldiz. Kaitik atera eta Kontxako hondartzaraino joan ziren. Udaltzainak zain zituzten lehorrean, baimenik gabe egin zutelako abordatzea. Protesta gisa, ontziak udaletxeko atarian utzi zituzten.
Lehen abordatzea baino urtebete lehenago, Parte Zaharreko hainbat tabernarik eta zenbait auzotarrek koadrilen arteko jolasak antolatu zituzten Juan de Bilbao kalean –Ikatz kalea izenarekin ezagunagoa dena–. Iraganeko jaien izaera parte hartzailea berpizteko asmoz egin zuten. Donostiako Piraten aurrekaria izan zen. 2003tik aurrera jolasak elkarlanean antolatzen hasi ziren, eta bide beretik jarraitzen dute gaur egun ere.
Esan bezala, lehendabiziko abordatzean 50 lagunek parte hartu zuten. 2004ean, berriz, 100 izan ziren ausartak; 2005ean, 200; 2006an, 400; 2007an, 1.000; 2008an, 2.000; eta hurrengo urteetan ere nabarmen egin zuen gora abordatzearen parte hartzaile kopuruak. Egun 4.000 bat lagunek abordatzen dute Donostia Aste Nagusiko lehen astelehenean.
Gazte eta helduentzako bakarrik ez izateko, 2013an abordatze txikia antolatu zuten. Estreinakoan, 250 haurrek parte hartu zuten, eta geroztik nabarmen egin du gora kopuruak. Zenbakiak gora behera, festetako jarduera parte-hartzaile eta dibertigarriena bilakatu da.
JAI EREDUA
Aste Nagusiaren bestelako jai eredua azaleratu zuen Donostiako Piraten abordatzeak. Jai herrikoiak, parte-hartzaileak, parekideak eta euskaldunak aldarrikatu zituzten hiriko lau haizeetara.
Dena dela, Piraten egitasmoa ez zen abuztuko jaien aste bakarrera mugatu. Mugimenduari bultzada emateko helburuarekin, beste jarduera batzuk bultzatu zituzten 2004tik aurrera. Horietako bi dira, Gau Piratak eta Musika Lehiaketa.
Intxaurrondoko Letaman gaztetxean egin zituzten Gau Piratak 2006ra bitarte. Aldiz, urtebete geroago sortu zuten Piraten Musika Lehiaketa. Donostia eta inguruetako talde zein bakarlari hasiberriei bultzada ematea zuen helburu. Lehen aldiz Loiolako gaztetxean egin zuten, eta hurrengo urteetan Kortxoenea, Añorgako gaztetxea eta Doka antzokia bisitatu zituen lehiaketak.
LA FLAMENKA
Aste Nagusi Pirata aurrera eramateko oinarri garrantzitsua bihurtu zen La Flamenka gunea kaian kokatu zutenetik. Musika eskaintza eta bestelako jarduerak Trinitate plazan antolatzen ibili ondoren, 2008an Donostiako portua konkistatu zuten.
80ko hamarkadan txosnen lekua izan zen kaia, eta berriz ere jai herrikoien plaza izatera itzuli zen. Abordatzea programa ofizialean sartzearen truke, altxor preziatua egonkortzea lortu zuten, nahiz eta urte batzuetara Eusko Jaurlaritzarekin arazoak sortu.
La Flamenka izenak oinarri historikoa du. XVIII. mendeko Donostian bazen izen bereko taberna bat Fermin Calbeton kalean. Salerosketatan aritzen zirenen, piraten eta kortsarioen bilgunea izan zen. Kaia hiriko historiarekin errotu nahi izan zuten Piratek, eta horregatik jarri zioten La Flamenka izena.
Ordutik ondo kudeatu dute kaiko altxorra. Musika egitaraua aberastearekin batera, Piraten eta bisitarien topalekua bihurtu da. Baita abordatzearen abiapuntu ere. Gainera, La Flamenkaren osagarri bezala, Nautikoa eta Lasta konkistatu dituzte egitarauko beste proposamenak eskaintzeko.
La Flamenka sortu aurrekoa da, ordea, Urgullen antolatzen hasi ziren Erromeria eguna. Aste Nagusiko lehen iganderako proposamen bezala aurkeztu zuten, eta urteekin geroz eta familia gehiago hurbildu dira Urgull gaineko egun-pasara.
IRRIKITALDIA
Donostiako Piraten lehen altxorra eta abiapuntua izan zen abordatzea. Ordea, jai herrikoien egitarauari behar bezalako bukaera emateko parodia umoretsu bat asmatu zuten: Irrikitaldia.
2006ko abuztuaren 20an egin zuten ironiaz beteriko lehendabiziko ekitaldia. Belle Epoque garaiko pertsonaiez mozorrotuta, Salve ospakizun erlijioso eta politikoaren parodia egiten dute. Piratek diotenez, Irrikitaldia mito bat hausteko aukera ere bada. Hau da, jaia eta gai sozialen aldarrikapena bateragarriak direla.
EZKILA ETA MATTI
Abordatzearen bosgarren urteurrenarekin batera jaio zen Donostiako Piraten pertsonaia: Ezkila kapitaina. Partxe bat begian, zapi beltza buruan eta gorri eta beltzez jantzita, Piraten baloreen bozeramailea da. Aste Nagusi Pirataren ikur eta gidaria bihurtu da 2007an aurkeztu zutenetik.
Donostiako iragan kortsarioarekin du harremana Ezkila kapitainak. XVI. mendean bazen Pedro de Agirre izeneko kortsario donostiar bat, ezizenez Campanario bezala ezaguna. Urte osoan zehar Belisa irla zuen gotorleku, eta paralelismoa eginez Ezkilaren uhartea Santa Klara izatea erabaki zuten.
Aste Nagusi Pirataren hasierako txupina botatzeaz arduratzen da Ezkila. Horretarako, Santa Klara irlatik kaira etortzen da itsasontzi batean. Bidaia horretan kofradia baten babesa izaten du La Flamenkara iritsi eta txupina bota bitarte.
Ezkila kapitainak bidelagun berri bat du 2012tik. Matti pertsonaiaren konpainia du. Donostiako Piratek ikusi zuten laguntzaile baten beharra zuela. Matti izena jarri zioten 1615. urtean Islandian erail zuten Martin de Villafranca kapitain donostiarraren omenez. Martin eta Maddi izenak uztartu zituzten genero neutroa izateko.
Izan ere, Mattiren pertsonaiak eragile, elkarte edo talde bat ordezkatzen du. Esaterako, 2015ean Matti
Irutxuloko Hitza izan zen. Euskararen alde arduraz lan egiteagatik aukeratu zuten Piratek. Beste urteetan, berriz, Martuteneko bizilagunak -uholdeak direla eta–, Stop Kaleratzeak, Gipuzkoako Abortoaren Aldeko plataforma eta Ongi Etorri Errefuxiatuak izan dira Matti.
KOFRADIAK
Donostiako Piraten mugimenduak hamar urte bete zituenean, antolaketa ereduaren inguruko hausnarketa egin zuten. Galdera berriak sortu ziren, eta horiei erantzuna emateko asmoz sortu zituzten Kofradiak.
Itsasoari loturiko iruditeriari jarraipena emanez, antolaketa eredu berri bat jarri zuten abian. Horrela, jai herrikoien aldeko mugimenduaren bizkarrezurra bihurtu dira. Herritarrek jaietan antolatzen diren jarduera guztien gaineko erabakien parte izateko aukera dute. Iruñean eta Baionan Peñak bezala, Gasteizen Neskak eta Blusak, eta Bilboko Konpartsen antzera, Donostian Kofradiak sortu ziren.
Eskifaia gazte kofradia izan zen sortzen lehena, 2012an. Ondoren etorri ziren Pirata bihurriak eta Xibaro kofradia. Gaur egun hamabi Kofradiak osatzen dute Donostiako Piraten mugimendua. Aipatu hiruekin batera, beste bederatzi daude: Aingura, Eskandalosa, JaranEro, Kalepoza, Kantauri, Sardiñerak, Traganarrua, Ubarroiak eta Xelebreak. Bakoitzak du izaera eta aldarrikapen propioa. Baita txalekoa ere.
Kofradia guztietako ordezkariak Ontziola gunean elkartzen dira. Donostiako Piraten erabakiez arduratzen den elkargunea da. Urtean bi edo hiru aldiz batzen dira kide guztiak asanblada egiteko, eta Flamenkada izenez ezagutzen dira.
Hamabost urteko itsas bidaia egin ondoren, Donostiako Piratek gogotsu begiratzen diote etorkizunari. Kofradiak dituzte horretarako; egungo altxor preziatuena. Beraiek dute jai herrikoien iparrorratza.