«Asko lortu dugu, eta oraindik gehiago geratzen zaigu»
Tirabirak izan dituzte agintariekin, hamabosgarren Aste Nagusi Pirata aurrera ateratzeko; hala ere, indarberrituta atera direla diote, eta jai herrikoiak aldarrikatu dituzte.
Pirata gazteak dira Carmen Altuna (Erdialdea, 1993) eta Fermin Mendazona (Ulia, 1992). Baimen kontuengatik aurten benetan Aste Nagusi Pirata zalantzan ikusi dutela diote, baina lan gogorraren ostean, jaietaz gozatu dute eta gozatzeko alternatibak eman dizkiete herritarrei.
Hamabost urte bete ditu piraten mugimenduak. Zein irakurketa egiten duzue?
Carmen Altuna (C. A.): Duela hamabost urte Donostia abordatzen hasi ziren gutxi horiek ez zuten pentsatuko hain urrun iritsiko zirenik. Babes handiagoa nahiko genuke erakundeen aldetik, baina gure erritmora ongi goaz. Edonola, asko lortu dugu, eta oraindik gehiago geratzen zaigu lortzeko. Gero eta gune handiagoa daukagu, jendetsuagoa, egitarau gero eta oparoagoa.
Gaur egun milaka pertsona ari gara mugimenduan parte hartzen. Kaian dugu gure gune nagusia, baina auzotara ere mugitu dugu festa, eta oso polita da ikustea zertan bilakatu diren Donostiako Piratak.
2003an izan zen lehen abordatzea, baimenik gabe, eta 20 txaluparekin. Orain, milaka lagunek parte hartzen dute…
C. A.: Abordatzea da oraindik gure jarduerarik ezagunena, eta gure erronka nagusia hor dago: Donostia abordatzea. Borondatez 200 lagun aritzen gara lanean; kaian norbait egoten da goizeko bostetatik gaueko bederatzietara. Mezua ez da aldatu, Donostia desberdin bat nahi dugu, herriarentzako dena, ez bakarrik turistei eta suei begira dagoena. Harro sentitu nahi dugu, benetan aste honetan donostiarrak sentitu, eta udaleko egitarauarekin ez duzula Donostia gehiago maiteko uste dugu.
Fermin Mendazona (F. M.) : Urteekin baimenak lortu ditugu, eta egindako lanaren isla da hori. Egunean lan handia egin behar da. Piratok alde batera uzten ditugu egitarau guztiak, eta denek egiten ditugu txandak abordatzerako. Badago mugimenduaren barruko jendea parte hartzen duena, baina gure artean banatzen ditugu ardurak. Donostiarentzat egiten dugu abordatzea, beste egitarau batean sinesten dugulako, eta jendeak ongi pasatzeko.
Musikari dagokionez, zein da zuen helburua?
C. A.: Musika lan taldea zoragarria da eta oso lan zaila egiten du. Duela urte batzuetatik, urtarrilean hasten gara musikan pentsatzen. Kofradia bakoitzari zerrenda bat prestatzeko eskatzen diogu. Aniztasuna betetzen saiatzen gara, musika estilo desberdinak, gero eta talde parekide gehiago sartzen, emakumeak ere oholtza gainean nahi ditugulako; hemengoak izatea ahal den heinean, eta euskaraz egitea.
Jende asko mugitzen du musikak eta talde indartsuak jartzen saiatzen gara egun garrantzitsuetan, La Flamenkan. Lastan eta Trinitate plazan kantautoreak izaten ditugu, eta aurten dj gehiago izan ditugu Lastan.
Aipatu dituzue sortu dituzuen guneak, eta pertsonaiak ere badituzue, Ezkila kapitaina eta Matti. Lanketa handia egin duzue hiriaren historian, ezta?
C. A.: Bai! Gainera, guneak eta pertsonaiak baino gehiago da. Kofradietan ere saiatzen gara loturekin jarraitzen. Flamenka zen piratak eta kortsarioak biltzen zituen taberna bat; Traganarrua uretan sortzen den zurrunbilo bat da… Gure kokapenak asko esaten digu guri, itsasoz inguratuak gaude, eta nor garen ere hortik dator.
Kofradia gehiago sortzea da helburua edo daudenak indartzea?
F. M. : Aurten bi kofradia berri sortu dira, Kantauri eta Xelebreak. Berez ez da helburua gero eta kofradia gehiago izatea, baina sortzen dira beharra ikusten delako, eta badagoelako jendea pirata izatera animatzen dena. Jaiak pertsonalizatzeko modu bat da, eta betiko jai ereduetan ikusten ditugun hutsuneak betetzen ditugu.
Eraso sexisten inguruan baduzue protokoloa, eta duela hilabete jasotako albisteak gogor jo zuen mugimenduan. Nola bizi duzue?
F. M.: Nahiko jarrera aktiboa izan dugu beti gai horren inguruan, ez bakarrik azken hilabeteko kasuarengatik. Ez da bakarrik mugimendu barruan gertatzen dena, lehen egunean bertan arazoak egon ziren erasoen aurkako manifestazioan, eta emakumeak erasotuak izan ziren. Lanketa oso sakona egin beharra dago, barrura begira eta baita kanpora begira. Jai eredu ohikoak ez dira feministak eta uste dut gu aurretik goazela kontu horretan.
Irrikitaldiarekin egiten duzue itxiera. Zerbait aurreratu dezakezue aurtengoaz?
C. A.: Lan talde batek egiten du Irrikitaldiaren gidoia. Aste Nagusiaren aurretik hiru gertaera ea nola parodiatu pentsatzen dute, eta ez digute ezer ere kontatzen. Piratontzat egun handia da, gure parrandarako aukera izaten delako, gure egun lasaia. Pozik egiten dugu lan, baina igandea gure festa eguna izaten da.
Aste Nagusiaz gain, urtean barrena ere lanean dihardu mugimenduak, ezta?
C. A.: Bai. Bi asanblada handi egiten ditugu, bata urte hasieran, eta, bestea, Aste Nagusia baino lehen. Barne lanketa handia egiten dugu eta gure baloreak lantzen ditugu.
F. M.: Mugimendua aktibo ez dagoen une bakarra da abuztu bukaera eta iraila hasiera. Etengabe ari gara gure akatsak konpondu nahian, oso jarrera aktiboarekin.
Zein erronka dituzue?
C. A.: Eusko Jaurlaritzak urtetik urtera gehiago itotzen gaitu, ez gaituzte hemen nahi, eta aurten oso gogorra izan da. Portutik kendu nahi gaituztela ulertzen dugu eta hausnartu behar dugu zer egingo dugun gunearekin.
F. M.: Badaude batzuetan erdizka geratzen zaizkigun kontuak, Aste Nagusia gainera etortzen zaigulako. Hurrengo urtera begira eztabaida potoloak dira gunea eta jai eredua. Prest gaude Eusko Jaurlaritzari ordaintzeko, baina jakin nahi dugu zein baloretan oinarrituz ari diren. Ezin da izan urtetik urtera eremu bererako 6.000 euroko aldea egotea. Asko erre gaituzte eta azken unera arte ez dugu jakin zer gertatuko zen.