Mons kiroldegiko estalkiak berritu dituzte
Eraikineko eta tenis eta padel pistetako estalki berrietan 270.000 euro inbertitu dituzte.
Donostia Kirolak dagoeneko bukatu ditu Intxaurrondoko Mons udal kiroldegiko estalkiak berritzeko lanak, kirol zein padel eta teniseko pistetan. Obra hauek egiteko bost hilabete behar izan dituzte eta 270.000 euroko inbertsioa egin dute. Hala, itoginekin zeuden arazoei behin betiko konponbidea eman diete, 20 urte baino gehiago duen kirol instalazio honetan.
Kiroldegia 1996. urtean inauguratu zen, 1999. urtean handitu eta 2003. urtean padel eta teniseko pistetako estalkia eraiki ziren. Igerilekurik ez duen instalazioen artean, erabilera kopuru handiena biltzen duen instalazioa da Mons kiroldegia, ia 194.000 sarrera urtean. Instalazio honek, kiroletako pista eta ikastaroetarako aretoez gain, 6 padel pista eta beste 3 tenis pista ditu.