Jakintza ikastola, lanetan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Euriak eraikinean eragin dituen kalteak direla eta, astebete beranduago hasi beharko dute ikasturtea. Gaur prentsaurrekoa jendetsua egingo dute frontoian, haserrea adierazteko.
Udan Antiguako
Jakintza ikastolako teilatua konpontzeko lanak egiten hasi ziren. Joan den hilabetearen hasieran, ordea, arazoak hasi ziren. Eta ikasturtea beranduago hasi beharko dute. Atzo ziren hastekoak eskolak, baina azkenean hilaren 14a arte itxaron beharko dute Jakintzako 600 ikasleek (2 urte eta 12 urte bitarteko haurrak).
Euriak kalte handiak eragin ditu eraikinaren barruan, ikasleek erabiltzen dituzten hainbat guneetan, eta material asko ere hondatu egin da. Guraso elkarteak haserrea adierazi du gertatutakoaren inguruan. Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak ez dutela «ahalegin nahikorik» egin, eta ez dituztela «beharrezko baliabideak jarri» salatu dute:?«Emergentzia egoera ezarri bai, baina baliabide eta konponbide gehiago jartzeaz ez dugu ezer jakin denbora luzeaz. Non egon dira arduradun politikoak denbora horretan? Zergatik ez dituzte behar diren neurriak hartu, ikasturtea beste ikastetxe guztiekin batera has genezan?», azaldu du elkarteak ohar baten bidez. Erakunde publikoek egin beharreko lanak (garbiketa, materiala tokiz aldatzea…) gurasoek, zuzendaritzako kideek eta irakasleek egin behar izan dituztela esan dute. Honen harira, babes osoa adierazi diote ikastolako zuzendaritzari eta langile guztiei, euren lanak alde batera utzi eta konpontze lanetan buru-belarri aritzeagatik abuztuan zehar. Izan ere, abuztuaren 5ean, ura sartu zen, eta kalte handiak eragin zituen. Guraso elkarteak dio abuztuaren 11a arte ez zela kalte hauen berri eman. Ondoren, abuztuaren 22an berriz ere kalteak izan ziren. «Alarma guztiak piztuta zeudenean ere, abuztuaren 28an berriz ere urak kalte gehiago eragin zituen, oraindik beharrezko neurriak hartu gabe zeudelako», argitu nahi izan dute. Ainize Lainez Gurasoen Elkarteko lehendakariaren iritziz, arduradunik ez zen agertu Jakintzan gertatutakoa hedabideetan agertu arte.
Udalak eta Eusko Jaurlaritzak eraikinak segurtasun eta higiene neurri egokiak dituela bermatzea nahi du guraso elkarteak: «Haurrak, gurasoak eta irakasleak bertan sartu-ateratzeko eta eskolak normaltasunez emateko». Jakintza Ikastolaren Organo Gorenak eta Jaurlaritzak aholkatuta, ordutegi murriztuarekin hasiko dute ikasturtea, eta jangela zerbitzua ez da urria arte hasiko.
Ikastolan sartutako urak hezetasun handia sortu du abuztuaren lehen astetik, eta elkartearen arabera, irailaren 4a arte soilik bi makina deshumifikadore sartu dituzte. Urak eraikinaren lau solairuak kaltetu ditu, eta sotoraino ere iritsi da. Sabaiak, paretak, geletako kortxoak, mahaiak, apalak, eta irakaskuntzarako material asko hondatuta edo oso kaltetuta daude. Gainera, oraindik ikastolako patioan dorre-garabi finko bat dago. Guraso elkartearen ustez, patioa ezinbesteko espazioa da sarrera-irteerak, hezkuntza fisikoa eta jolas garaiak normaltasunez egin ahal izateko.
Garabiak patioa okupatzen duenez, jangela sarbiderik gabe uzten du. Aldi baterako Antiguako frontoia erabiliko dute patio moduan: “Udalak eskaini digu espazioa. Oraingoan, doan, gurasook egin dugun presioagatik, oso burugogor jarri garelako. Orain arte kobratu egin nahi izan digute frontoiaren erabilera, bai San Sebastian bezperan eta kaldereroetan. Beste hezkuntza zentroek ez dute oraidnu behar izaten horrelako espazioak erabiltzeagatik “.
Jangela, goizeko gela eta bestelako zerbitzuak oraingoz ezingo dira eskaini, eta honek, guraso elkartearen ustez, are gehiago okertzen du egoera:?«Familiak kaltetuak dira, antolakuntza eta kontziliazioa ikaragarri zailtzen digutelako, baina gu ez ezik badira kaltetu gehiago. Zerbitzuetako langileen kontratuak ere atzeratu egingo dira eta gure elkartasuna adierazi nahi diegu». Ikastolako haur gehienak geratzen dira jantokian bazkaltzera. Ikastolako gurasoek joan den astean, ostegunean, izan zuten eraikinean izandakoi kalteak direla eta, astebeteko atzerapenarekin hasiko dela ikasturtea, eta hilabetez ez zela jangela zerbitzurik izango.
Guraso elkarteak egonezina eta kezka adieraziko du gaur publikoki, Antiguako frontoian, 12:00etan.
SOS Jakintza lelopean, 600 haur eskolarik gabe geratu direla salatuko dute. Ikasle, irakasle eta gurasoak izango dira agerraldi honetan. Besteak beste, eskolak hasten direnean haurren osasuna bermatuta dagoela exijituko dute: “Lanak direla eta hauts asko dago eraikinean, eta hezetasun handia dago. Egia da egunotan egin dituzten azken lanak direla eta beste itxura bat hartu duela eraikinak, baina oraindik lan gehiago egin beharko dituzte. Abenduan jarraituko dute konponketa lanekin. Orduan bukatuko dituzte lanak, haurrak oporretan dauden bitartean”, azaldu du Lainezek.
Eskaera historikoa izan da Jakintzarentzako beste eraikin bat lortzea. Halere, Ainize Lainezen ustez, garrantzitsua da ikastola auzoan egotea: “Eraikin zaharra da, bere desabantailak ditu, baina auzoan gaude, eta auzoan auzolana egiten dugu. Jakintzarentzako beste eraikin bat lortzea eskaera historikoa izan da, baina aztertu diren aukerak ez dira hobeak izan. Nik pertsonalki nahiago dut ikasleek bizitza egitea auzoan”.
Jakingura Jakintzako Gurasoen Elkarteko oharra osorik.