Belluccik, Darínek eta Vardak jasoko dute 65. edizioko Donostia saria
Donostiako Zinemaldiaren 65. edizioan hiru Donostia sari banatuko dira: Ricardo Darín eta Monica Bellucci antzezleei eta Agnès Varda zinemagileari.
Hiru Donostia saridunez gain, antzezle eta zuzendari zerrenda luze batek baieztatu du Donostiara etorriko direla. Sail Ofizialean euren filmak aurkeztera etorriko dira James Franco antzezlea, The Disaster Artist filmarekin Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dena; Glenn Close, The Wife filmarekin saila itxiko duena; Jean-Pierre Léaud –Les quatre cents coups filmeko Antoine Doinel ahaztezina–, Nobuhiro Suwaren filmaren (Le lion est mort ce soir) protagonista; Arnold Schwarzenegger, Wonders of the Sea 3D emanaldi bereziko ahotsa; eta Alicia Vikander, Wim Wendersek zuzendutako inaugurazio filmaren (Submergence) protagonista.
Bestalde, Donostiara etorriko direla baieztatu dutenen artean hainbat izen ezagun daude: Javier Bardem, Bérénice Bejo, Steve Coogan, Glenn Close, Penélope Cruz, James Franco, Jean-Pierre Léaud, Benoît Magimel, Arnold Schwarzenegger, Paz Vega -Latinoamerikako Zinemaren Jaeger-LeCoultre sariduna- eta Alicia Vikander.
John Malkovich izango da Sail Ofizialeko epaimahaiaren burua, eta, besteak beste, Dolores Fonzi eta Emma Suárez antzezleak, William Oldroyd zinemagilea, Paula Vaccaro ekoizle eta gidoilaria eta Fabio Cianchetti argazkilaritza zuzendaria izango ditu epaimahaikide.
Zinemaldiari buruzko informazio gehiago hemen.