"Aurrerapauso guztiak Jakintza ikastolako komunitatearen presioaren ondorioz eman dira"
https://youtu.be/oYzjAyYA5C0
Jakintza ikastolako Ordezkaritza Organo Gorenak prentsaurrekoa eman du gaur eguerdian, Antiguako frontoian. Jende andana bildu da organo gorenak egin duen agerraldian: ikastolako guraso, haur eta langileek frontoiko harmailak bete dituzte. Ohar bat irakurri dute organo goreneko kideek, Jakintza ikastolako eraikinean estalki berria egiteko obren ondorioz eragindako kalteen harira.
Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari neurriak eskatu dizkiete -osasunean, segurtasunean eta baliabideen arloan-, baita ardurak ere bai, gertatutakoaren erantzulea nor den jakiteko. Arlo horietan guztietan aurrerapausoak ematea lortu dutela azaldu du organo gorenak, eta Jakintzako komunitateko kideek egindako lana azpimarratu du: “Aurrerapauso guztiak Jakintza ikastolako komunitatea osatzen dugun kideon presioaren ondorioz izan dira, eta egun, egoera beste bat da”.
Eskatutako segurtasun baldintzak eta osasuna bermatzeko neurriak betetzen diren heinean, ikasturtea irailaren 14an hasiko dutela esan dute: “09:00etatik 15:00etara izango dira eskolak, beheko eraikinean obrak dirauen bitartean, baina normaltasun osoz goiko eraikinean, irailaren 18tik aurrera, eskolak goiz eta arratsaldez izango baitira. Jangela zerbitzua ere emango da.
Adierazi dute presioa egiten jarraituko dutela, administrazio publikoek “baliabide egokiak” jartzeko.
Jakintza ikastolako Ordezkaritza Organo Gorenaren ohar osoa hemen.