Intxaurrondo Zaharreko jaien barruan, I. Boulder Txapelketa herrikoia egingo dute igandean. Auzoko eskalada taldeak antolatu du ekitaldia, edonork kirola ezagutu eta parte hartu dezan.
Intxaurrondo Zaharreko jaietarako boulderra eraikitzen ari diren kide batzuk. (Argazkia: Lide Ferreira)
Mendizale gehienek, normalean, arrokan egiten dute eskalada. Baina, duela urte batzuk, eguraldiak laguntzen ez zuenerako, alternatiba bat sortu zuten: boulderra. «Antzekotasun asko ditu, eta, denborarekin, alternatiba beharrean, beste modalitate bat bilakatu da», azaldu du Mattin Troitiñok, Intxaurrondoko Eskalada Taldeko kideak. Hala, Euskal Herrian rokodromo ugari daude kirola praktikatzeko.
Mendiko arroketatik kanpo, rokodromoetan bi modu daude eskalada praktikatzeko: boulderra –sokarik gabe– eta top rope –sokarekin–. Bada, lehenengoa ezagutzera eman eta kalera ateratzea erabaki du Intxaurrondoko Eskalada Taldeak. Izan ere, I. Boulder Txapelketa Herrikoia egingo dute igandean, Intxaurrondo Zaharreko jaien barruan.
«Guk dakigula, urte luzeetan ez da horrelako txapelketa herrikoirik egin. Seguraski lehenengo da Donostian», nabarmendu du Troitiñok. Eskalada taldeko kideei bururatu zitzaien auzoko jaietan euren ekarpena egitea, eta hiruzpalau hilabete eman dituzte txapelketa prestatzen.
Troitiñok aitortu du ez zutela inongo irizpiderik horrelako zerbait antolatzeko; hori dela eta, Oreretako Lotze eskalada taldearekin jarri ziren harremanetan: «Beraiek antolatu izan dituzte horrelakoak, eskarmentua dute; eta beraiei esker ezagutu genuen txapelketa antolatzeak suposatzen duena. Gauza asko hartu behar dira kontuan; horregatik, koordinazioan esfortzu handia egin dugu».
Hortik aurrera, beraz, lanean jarri ziren buru-belarri, txapelketaren oinarriak zehazten, babesleak lortzen egunean bertan materiala zozkatu ahal izateko, sustapena egiten… «Jende askorekin harremanak egin ditugu, eta, alde horretatik, oso emankorra izan da prozesua. Esfortzua handia da, baina asko jasotzen ari gara».
Hori dela eta, eskerrak eman nahi izan dizkiote bidean lagundu dieten guztiei: tartean, Intxaurrondo Zaharreko bizilagun elkartea, jai batzordea, Lotze eskalada taldea, Lizarra kanpina, Izadi Kirolak, Caravanas Oiartzun eta Urruti. Bestalde, aipamen berezia egin diote Antton Zabala eskalatzaileari: «Bera arduratu da blokeak prestatzeaz. Txapelketari begira, lan konplikatuena da, jakintza eta esperientzia bat eskatzen baitu».
Horrekin lotuta, egiturari dagokionez, boulderra eraiki behar izan dute, eta, horretarako, aldamioak, panelak, koltxonetak eta bestelako materialak erabili dituzte: «Sokarik gabeko eskalada denez, lurra koltxonetaz josi egingo dugu, eta batez besteko altuera 4 metrokoa izango da».
Antolatzaileek argi utzi dute edonork parte hartu dezakeela, maila guztietako blokeak jarriko baitituzte: «Ez da elitezko txapelketa bat, herrikoia da. Beraz, jendea animatu eta probatzeko deia egiten dugu. Modu polit bat izan daiteke kirol hau ezagutzeko».
Gainera, egun osoko festa izango da. 9:30ean izena eman ahal izango da –aurretik ere posible da, www.ibth.org webgunearen bitartez–, 10:00etan hasiko da txapelketa herrikoia, 16:00etan zozkatuko dituzte kamisetak, eskaladarako materiala, parapente irteerak, bungalow batean asteburu bat eta SlackLine, eta 17:00etan izango da finala.
Partaideek zailtasun desberdinetako blokeak eskalatu beharko dituzte. Batzuk bertikalak izango dira, sabaian bukatzen direnak; beste batzuk, berriz, pareta zuzenak edo forma dutenak: «Gero eta zailagoak izango dira blokeak, eta gainditzea lortzen dituzten mailen arabera, partaideek lortuko dute finalerako sailkatzea».
Intxaurrondoko Eskalada Taldeak azaldu du, txapelketa antolatzen aritu diren bitartean, ohartu direla hutsune bat dagoela eskalada munduan: «Laguntza izan dugu, baina elkargune baten beharra sumatu dugu. Horrelako gauzen inguruan arituko dena, eta erraztasunak eta baliabideak jarriko dituena».
Hausnarketa, ezinbestekoa
Hortaz, hausnarketa bat abiatzea ezinbestekoa ikusten dute: «Eskalada talde asko daude, baina ez dago denak biltzen dituen elkargunerik, ez dago ez koordinazio ez eta komunikaziorik ere. Beharbada, gure txapelketa moduko bat egin nahi dute beste herri batean, eta aberasgarria izango litzateke elkarlanean aritzea. Beraz, elkargune bat ezinbestekoa da».
Azken batean, euren ustez, bilgune hori baliagarria izan daiteke ekitaldiak antolatzeko (esaterako, txapelketa herrikoi bat talde desberdinen artean, edo eskaladari buruzko hitzaldiak), proposamenak egiteko eta parte hartzea sustatzeko.
TXAPELKETA HERRIKOIA
- Zer. I. Boulder Txapelketa Herrikoia. Bi kategoria: 14-18 urte bitartekoentzat eta 18 urtetik gorakoentzat.
- Noiz. Irailaren 10ean, igandean, egun osoan zehar (10:00etatik 19:00etara). Finala, 17:00etan.
- Non. Letaman gaztetxeko plazan (Intxaurrondo kalea, 55).
- Izen ematea. www.ibth.org webgunean edo igandean bertan,9:30etik 10:00etara.