Txantxa eskola herrikoia abiatuko dute Jakintza ikastolako haurrentzat
Jakintza ikastolako lanek sortu dituzten eragozpenak direla eta, aurreikusitakoa baino astebete beranduago hasiko dituzte klaseak. Hori dela eta, Txantxarreka gaztetxeko kideek Txantxa eskola herrikoia egitasmoa abiatu dute irailaren 11an, 12an eta 13an.
“Ekintza eta ikastaro ezberdinak antolatuko ditugu adin tarte ezberdinetarako, eta haurrekin esperientzia dugun gazteon artean, monitoreak eta irakasleak tarteko, banatu ditugu eskola aurrera eramateko ardurak”, azaldu dute gaztetxeko kideek. Txantxa-eskola herrikoiak goizeko 8:30ean irekiko ditu ateak arratsaldeko 13:30ak arte.
“Auzotik eta auzoarentzat sorturiko proiektuak alternatiba ezin hobea eskaini nahi die auzotarrei, giro paregabean elkar ezagutu, ikasi, gozatu eta dibertitzeko. Beste behin auzoaren behar bati erantzutera goaz, autogestioaz eta ilusioz beterik”, diote.