Ikasturte berria belardirik gabe hasi dute Oleta ikastetxeko ikasleek; uda inguruan kutsadura topatu dute, eta agintariek guztia estaltzea erabaki dute, arriskua desagertzeko helburuarekin.
Oleta eskolako belardi guztia estali dute.
Altza eta amiantoa banatu ezin diren hitzak bihurtu dira azken urtean. Kiroldegi berriaren proiektuarekin hasi ziren hautsak harrotzen, amianto arrastoak azaldu zirenean, eta ordutik ez du etenik izan kateak. Garai batean amiantoa zuten isuriak botatzen zituen enpresa batek, eta orain arrastoak azaldu dira.
Kiroldegiaren lekuan zegoen enpresa hura, eta lehen arrastoak azaldu zirenetik Eusko Jaurlaritzako Osalanek ezarri dio Donostiako Udalari nola jokatu, eta hainbat neurri hartu dituzte, herritarrak ez kaltetzeko. Azken berrien arabera, Oleta ikastetxearen lurretan bertan agertu da amiantoa udan; kiroldegia zenaren ondoan baitago. Udalaren eta ikastetxeko guraso baten hitzak jaso ditu IRUTXULOKO HITZAk, gertaeren berri izateko.
Udalak dio amianto arrastoen berri izan bezain laster, neurketak egin eta sail horri dagokion tratamendua eman ziotela, Eusko Jaurlaritzarekin koordinazioan: «Zementu sintetikoa bota dute, oihal berezi bat jarri, eta gainean lurra bota dute. Helburua amiantoa inerte bihurtzea da, egoera horretan ez duelako arriskurik». Behin behineko neurri horrekin segurtasuna bermatuta dagoela diote teknikariek, eta halaxe jakinarazi diete agintariek eskolako zuzendaritzari.
Kiroldegi zaharra bota zuten, eta berriaren obrak bi zatitan egitea erabaki zuten, dirudienez, eraikina zegoen lekuan ez zegoelako isuririk. Igerilekuak eta bestelako instalazioak egin nahi zituzten lekuan, ordea, amiantoa topatu zuten, eta lur guztia estaltzea erabaki zuten arduradunek, bigarren fase batean. Bitartean, ingurua hesitua dago, inor sartu ez dadin.
Airean egindako neurketek diote, berriz, ez dagoela kutsadurarik, agintariek zabaldutako informazioaren arabera. Jesus Uzkudun amiantoan aditua da eta berak dio oso kutsakorra dela. Minbizia sor dezakeela, baina gaixotasunak amiantoarekin kontaktua izan eta 30 urtera agertzen direla. Hain zuzen, iazko azaroan egon zen Oleta eskolan Uzkudun, gaiaz zekienaz informatzen. Oleta eskolan hiru alaba zituen orduan ama batek, G. L. inizialak eman ditu, bere izen osoa eman gabe. Aurtengo ikasturterako alaba zaharrena eskolaz aldatzea erabaki du, beldurtuta zegoelako amiantoaren kontuarekin: «Uzkudunen hitzek begiak zabaldu zizkidaten. Udalak oso ongi jokatu du belardian agertutako amiantoarekin, baina berandu». Izan ere, kiroldegi inguruan kutsadura agertu zenean, eskolaren eremuan ere neurketak egiteko eskatu zuten eskolatik, baina ez zituzten egin: «Eskolako bedelak topatu zuen amiantoa, 25 zati, eta orduan egin zuten neurketa. Lur zati hori kutsatuta zegoela esan zuten emaitzek eta segurtasunagatik belardi guztia estali zuten». Hala ere, G.L.-ek dio baratze bat zutela aurretik eskolan, eta haurrak han jolasean ibili izanak ez ote zituen kaltetuko.
Gaia oso serio hartu du guraso horrek eta Osalanen txosten guztiak eskatu eta irakurtzen aritu da. «Badakit ni histerikoa naizela, baina alaba eskolaz aldatu nuenetik, lasai egiten dut lo, bere eraikinaren ondoan baitzegoen arriskua. Orain, beldurra dut txikiak hara joan behar dutenerako, dena konpondua egotea espero dut».
Bilera, hilabete honetan
Gurasoen artean saiatu da egoeraren larritasunaren berri zabaltzen, baina ez duela lortu dio, ez berak nahi adina behintzat. Agintariek hartutako erabaki batzuekin ez dago guztiz ados G.L.; hesitzearen neurriak ez zaizkio nahikoak iruditzen eta airean kutsadurarik ez egotea ere zalantzan jartzen du: «Neurketak egin dituztenetan ez zegoen haizerik, eta horrek mugitzen du hautsa». Talde bat sortu dute eskolan, gaia lantzeko, eta guraso elkartea lanean ari da ahalik eta informazio gehien jaso eta zabaltzeko.
Bilera deitu du udalak irailaren 25erako, eta Altzako hainbat elkarte eta mugimeduetako ordezkariek izango dute joateko aukera. Hor argitu beharko dituzte kiroldegiaren nondik norakoak eta herritarrek izango dituzten beste hainbat kontu eta zalantza.