Herritarren pertzepzioaren inkestaren emaitzen aurkezpena. (Argazkia: I. Esnaola)
Hiritarren pertzepzioari buruzko inkestaren emaitzen berri eman du Donostiako Udalak.
10etik 8,75eko batazbesteko nota eman diote herritarrek Donostian bizitzearen gogobetetze mailari. Eneko Goia alkateak eta Kepa Korta Estrategia Bulegoko zuzendariak aurkeztu dituzte datuak. Inkesta, Donostiako 2020 Plan Estrategikoaren segimenduaren esparruan kokatzen da.
Herritarrei egindako galdera gehienek balorazio ona jaso dute –2008an egin zen aurreko inkesta, eta eboluzioa positiboa da–. Esan bezala, hirian bizitzearen gogobetetze mailak jaso du notarik onena. Ondoren, egoera pertsonalarekiko gogobetetze maila (7,23), udal ekipamenduen balorazioa (6,8) eta ingurumena daude (6,8).
Bestalde,
inkestak agerian utzi ditu herritarrek gutxien baloratzen dutena. Hala nola, etxebizitzara arrazoizko prezio batean sarbidea izatea, Donostiako bizimodua garestia dela eta hiritik aireportura dagoen lotura.
Inkestaren emaitzen artetik datu bat nabarmendu nahi izan du Goiak. “Datu esanguratsua iruditzen zait donostiarren arteko konfiantza maila altua, eta segurtasunaren inguruan duten iritzi ona”. Hain zuzen ere, era positiboan baloratu dituzte herritarrek segurtasun sentipena (7,7), norberaren auzoko jendearengan konfiantza (7,5) eta hiriko jende gehienaren konfiantza (7,3). Aldiz, etorkinekiko jarreraren inguruan lanean jarraitu behar dela azpimarratu du Kortak.
Europako beste hiri batzuetan egiten den Urban Audit inkestarekin alderatuta, Donostiaren posizionamendua baikorra dela adierazi dute udaleko ordezkariek. Inkesta horrek 88 hirietako datuak biltzen ditu, eta tartean da Donostia, 38. postuan 10 puntutik 6,6ko batez besteko notarekin.
Inkestaren prozedura
Ekainaren 13tik 30era bitartean egin zuen galdeketa Datakey Institutuak. Donostian bizi diren 16 eta 74 urte bitarteko 620 pertsonei egin zaie telefonozko inkesta. Laginaren gehiengo akatsa %±4 da eta konfiantza indizea 95%ekoa da. Aldiz, laginaren banaketa, auzo, sexu eta adinean proportzionala izan da, Donostiako biztanleria osoarekiko.
Sei zonalde geografikotan egin zuten galdeketa: Amara, Mendebaldea (Añorga, Errotaburu, Zubieta, Ibaeta, Berio, Ondarreta, Lorea, Benta berri, Antigua, Igeldo eta Aiete), Erdialdea (Kontxa, Erdialdea eta Parte Zaharra), Ekialdea (Gros, Egia, Intxaurrondo, Ulia, Altza, Bidebieta) eta Loiola, Zorroaga zein Martutene.