Amaia Martin eta Loic Alejandro Irabazi Donostia udal taldeko ordezkariak. (Argazkia: I. Esnaola)
Irabazi Donostiaren udal taldeak Donostiako Udalbatzaren Organo Araudia aldatu eta udaleko batzordeak publiko izatea eskatu du. Ordea, proposamena bertan behera geratu da udal gobernuko bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, ezezkoa eman ondoren, atzoko batzordean.
Amaia Martin Irabaziko bozeramaileak azaldu du, ekainean egin zutela hasierako proposamena, eta ezezkoa jaso ondoren kritiko agertu da. “Udal gobernuak ez digu arrazoirik eman gure eskaera baztertzeko”. Udalak gardentasuna “gaizki” lantzen duela gaineratu du Martinek. “EAJk batzordean esan zuen gardentasun aldetik ez dagoela aurrera pausorik emateko beharrik”.
Irabaziren proposamena ez dela berritzailea azpimarratu du Loic Alejandro udal taldeko kideak. “Gasteizen, Bilbon eta Eusko Legebiltzarrean dagoeneko batzordeak publikoak dira, eta gure hirian ez”, azaldu du Alejandrok.
Ezetza jaso ondoren, Irabazik konpromisoa agertu du batzordeei izaera publikoa emateko asmoarekin.