Argazkian, ezkerretik eskuinera: Ana Garmendia (Urumea- Altza) Eli Altuna( Legazpi 6), Miren Tolosa (Ilazki), Aitziber Gurutzeaga (Bagera), Andoni Lamarka (Hitzez), Marijo Garmendia (HEO), Ana Urteaga (HEO), Maddi Juanikorena (Bagera), Xabier Garmendia (AEK) eta Pedro Lakuntza (Urrats). (Argazkia: Bagera elkartea)
Mintzalaguna egitasmoa sustatzeko, Bagera elkartea eta Donostiako euskaltegien arteko hitzarmena berritu dute. Donostiako AEK, Hitzez euskaltegia, Hizkuntza Eskola Ofiziala, Ilazki euskaltegia, Legazpi 6 euskaltegia, Urrats euskaltegia eta Urumea- Altza euskaltegiak parte hartu dute hitzarmen honetan.
Donostian euskara ikasten ari diren helduei euskararen erabileran laguntzeko egitasmoa da Mintzalaguna. Eta programa honetan parte hartuko duten erakundeen arteko lankidetza hitzarmena da gaur eguerdian sinatu dutena.
Donostian, euskararen ezagutza, batez beste, ehuneko berrogeira iristen da, eta erabilera, berriz, ehuneko hamaseira. Hitzarmenean parte hartu dutenen ustez, euskara normalizatuko bada, euskaraz ez dakien populazioaren zati handi horrek ikastea ezinbesteko pausoa da, eta ez hori bakarrik. Euskara ikasle horiek euskal komunitatean txertatu egin behar direla adierazi dute. Hau da, ez da nahikoa euskararen ikas-prozesua ziurtatzea, ikasleak bertako euskaldunon komunitatean integratu egin behar dira.
Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea urriaren 1ean irekiko da.