Donostiako Udalak elkarretaratzea egin du Egiako sexu erasoa gaitzesteko. (Argazkia: Donostiako Udala)
Egiako Porrontxo jaietan izandako sexu erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin du gaur udalak,
Alderdi Ederreko lorategietan. Donostiako alkate Eneko Goiak ondorengoa adierazi du: “Tamalez, gure hirian gertatzen jarraitzen dira horrelakoak, eta erakusten du udalak jarraituko duela salatzen eta konpromisoa eta kontzientziazioa eskatzen”.
Gainera,
adierazpen instituzional bat ere plazaratu dute, udalak erabateko irmotasunez asteburuko erasoa gaitzesten duela azaltzeko, eta
babesa eta elkartasuna adierazteko “eraso tamalgarri” honen biktimari, familiari eta hurbilekoei ere. Azkenik euren
konpromisoa berretsi dute: “Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizartea eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde”.
Txistualdi herrikoia
Porrontxo jaietako batzordeak ere salatu zuen erasoa asteburuan. Ehunka lagun elkartu ziren, Plaza Haundin, eta ‘Txistualdi herrikoia’ egin zuten gertatutakoa salatzeko. Jaien antolatzaileek adierazi dute ez dutela onartuko eraso sexistarik jaietan, ezta euren egunerokoan ere: “Halako jazarpenek festak iluntzen dituzte, eta gu guztion aurkako erasotzat hartzen ditugu”. Aldi berean, erasotua izan den emakumearen ausardia nabarmendu dute, erantzuna emateagatik erasoari.
Jakinarazi dutenez, gizonezko batek emakume bati ukituak egin zizkion ostiral gauean taberna batean. Emakumeak aurre egin zion, defendatzeko, eta orduan, gizonezkoak ukabilkada bat jo zion. Porrontxoetako kuadrillek udaltzainei abisua eman zieten, eta erasotzailea atxilotu egin zuten.
https://youtu.be/RhuzRZ8sGig