Alejandro Silva eta Angel Bañuelos, auzo elkarteko kideak. (Malen Aldalur)
Asteburuan ospatuko dituzte Santa Barbara jaiak Altzan. Egitarau zabala prestatu dute hiru egunetarako. Hala ere, bizilagunen elkarteko kideek azaldu dute nekatuta daudela eta erreleboaren beharra dutela.
Santa Barbara jaiak ospatuko dituzte ostiraletik igandera bitarte Altzan. Urtero bezala egitarau oparoa prestatu dute. Hala ere, jaien antolakuntzan aritzen diren Elkartasuna auzo elkarteko kideek azaldu dute «nekatuta» daudela urtero jaien antolakuntza euren gain hartzeaz, eta “erreleboa”?eskatu diete auzoko bizilagunei: “Festak aurrera ateratzeko ezinbestekoa da bizilagunen babesa eta laguntza. Denon parte hartzearekin jai hobeak antolatuko ditugu”.
Alejandro Silva auzo elkarteko lehendakariak ez du gogoan noiz hasi zen Santa Barbarako jaiak antolatzen: “Hasieran abenduan ospatzen genituen jaiak, Santa Barbara egunean;?gero eguraldiagatik udarara aldatzea erabaki genuen”. Festak urtaroz aldatu badira ere izaera mantentzen dutela uste du Angel Bañuelos auzo elkarteko kideak: “Lehen jende gehiagok hartzen zuen parte, kale bazkaria egiten genuenean, esaterako, kale oso bat betetzen zen lagun taldez; dena den, ia jarduera guztiak mantentzen ditugu”.
Berritasunak ere bai
Sardina jana da, oraindik, jaietako egitarauko jarduerarik gustukoena auzo elkarteko kideentzat:?”Dohainik izaten da, eta bizilagun ugari biltzen gara elkartearen aurreko plazan sardinak jateko”. Bestalde, toka eta mus txapelketek ere harrera ona izaten dute.
Guztien neurrira eta gustura egokitutako egitaraua egiten ahalegintzen direla azaldu du Silvak: “Kirol jarduera ugari egiten ditugu, baina umeentzako eskaintza ere zabala izaten da”. Bestalde, gauetan kontzertuak eta DJak ere antolatu dituztela azpimarratu dute:?”Horiek inguruko jende gaztea erakartzen dute”. Hala ere, gaineratu du azken urteetan ez dela erraza festetako antolakuntzari eta gastuei aurre egitea: “Udalak gero eta zailtasun gehiago jartzen dizkigu; burokrazian korapilatuta geratzen gara”.
Hasierako indar berarekin ez bada ere, jarduera berriak asmatzen eta lehengoak mantentzen jarraitu nahi dutela diote auzo elkarteko kideek. Azken urteetan hainbat berritasun izan dituzte: “Ehoziria josten aritzen dira egunero elkartean hainbat emakume eta badira bi urte jaietan euren lanak erakusten dituztela”. Larunbatean edukiko dute urtean zehar jositakoa erakusteko aukera goizeko 11:00etatik aurrera artisau eta eskulangintza azokan.
Hala ere, aurtengo berrikuntza nabarmenena danborrada da. Santa Barbarako jaietan danbor hotsak entzuten diren lehen aldia izango da. 60 lagun inguru aterako dira larunbatean 19:00etan auzoko kaleetan barrena danborra joz: “Auzoko bizilagun batzuen ideia izan da danborradarena eta beraiek antolatu dute. Oso pozik gaude izan duen harrerarekin”.