Altzako Roteta Kirol Elkarteak 50 urte bete ditu; hogei urte daramatza gizonezkoen talde bakarrarekin, eta duela sei urte berritu zuten guztiz zuzendaritza, jende gaztearekin.
Roteta klubeko taldeetako bat, 1969an. (Argazkia: Roteta)
Duela 50 urte sortu zuten Roteta Kirol Elkartea, 1967an. Altzako auzoarengatik du izen hori, eta Herrera futbol zelaian entrenatzen dute. Azken sei urteetan Parte Zaharreko Ion Otxoa da klubeko presidentea, eta ibilbidearen eta aldaketen berri eman digu, bere klubaz oso harro.
Urte askoan futbol entrenatzailea izan zen Otxoa, eta duela zazpi urte lan hori utzi zuen. Bere lagun bat entrenatzailea zen Rotetan eta laguntza eskatu zion jokalariak bilatzeko. «Lagundu nion eta lauzpabost jokalari lortu nituen talderako. Denboraldi hartan zuzendaritzak ikusi zuen mutil gazte bat azaldu zela, gogotsu, eta proposamena egin zidaten kluba hartzeko».
Hasieran ezezkoa eman zuen, baina, azkenean, hurrengo maiatzean baiezkoa eman zuen:?«Kluba utziko zutela esan zidaten orduko zuzendaritzakoek, eta nik ez banuen hartzen, desagertu eta bukatu egingo zela. Ez nituen gazteak jokatu gabe utzi nahi». Horrela bada, alderdi ekonomikoa bultzatzeko, bi babesle lortu zituen Otxoak eta presidente kargua hartu zuen. Horrela, zuzendaritza guztiz gaztetu zen. «Lehen, 90 urteko gizonek zeramaten kluba, eta oraingook 30 urte inguru ditugu. Makinaz idaztetik smartphonetara igaro gara». Klubak berdin-berdin dirauela dio, betiko izaerarekin, baina garai berrietara egokituta.
Garai batean beheko mailetako taldeak izan bazituen ere, Erregional mailan talde bakarra du klubak, azken hogei urtean. Luis Herrero da taldeko entrenatzailea, eta Beñat eta Juanma ditu laguntzaile gisa. Herrerok aurten du lehen denboraldia Rotetan, eta ederki estreinatu da. Izan ere, joan den astean hasi ziren lehian, eta irabazi egin zuten. Pixkanaka helburua dute berriro ere borrokan aritzea goian, iaz mailaz jaitsi baitziren. Duela hiru urte Preferentera igo ziren, baina iaz berriz ere jaitsi ziren Erregionalera.
Jokalariak 30 inguru dira, bazkideak 150en bueltan dabiltza, eta, horretaz gain, babesle eta laguntzaileak dituzte, Altzako denda eta tabernak bereziki: «Guztiei esker kluba aurrera doa, gainera, askok urte asko daramatzate euren babesa ematen».
Klubak urte askoan Hirugarren Mailara igotzeko aukera izan duela oroitu du Otxoak, eta jokalari esanguratsuak igaro direla: David Amaral, lehen mailan ibilitako entrenatzailea; Unai Emeryren aita… Gainera, kopa eta txapelketa asko irabazi direla dio.
Urteurrena
Urteurrenaren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte aurten: danborrada berezia urtarrilean, erakusketak, hitzaldiak… Klubeko jai nagusia irailaren 9an egin zuten. Altzako elkarteekin harremanak sendotzeko danborrada egin zuten, Altzako sei danborradetako ordezkariekin; 150 lagun eta Kresalako dantzariak elkartu ziren, besteak beste. Bazkaria ere egin zuten, jokalari ohiekin eta hainbat ordezkarirekin. Dja ere izan zuten, eta Paloma Pujolek baloiarekin free style ikuskizuna eskaini zuen.
Orain diote denbora gehiago eskaini nahi diotela kirol arloari. Hala ere, elizkizun bat egiteko asmoa dute urrian, Altzako elizan, klubeko hildako kideen omenez, eta hitzaldiren bat egiteko asmoa ere badute.
Aurrera begirako erronkei dagokiez, Realak kluba handitzeko proposamena egin diela diote: «Pausoz pauso joan nahi dugu. Handitzeko aukera badago, ez dugu ezetz esango, baina ez dugu presarik, gauzak ongi egin nahi ditugu».