'Elkar topatzeko ordua'
Bisitarien gorakadarekin batera egin du kezkak gora donostiarren artean. Turismoa hirian sortzen ari den ondorioak eta aldaketak herritarren eta hedabideen eztabaidagai nagusietakoa bihurtu dira azken urteetan, eta iragan berri den udan nabarmen.Izan e...
Bisitarien gorakadarekin batera egin du kezkak gora donostiarren artean. Turismoa hirian sortzen ari den ondorioak eta aldaketak herritarren eta hedabideen eztabaidagai nagusietakoa bihurtu dira azken urteetan, eta iragan berri den udan nabarmen.
Izan ere, ez da gutxiagorako. Turismo ereduaren ezaugarriek hiriaren errealitate soziala, politikoa, kulturala eta ekonomikoa bustitzen diru. Hiriaren eraldaketarekin, hiriaren etorkizuneko norabidearekin eta herritarren bizi-baldintzekin estuki lotua dagoen gaia da.
Turismoaren eragin sozial, ekonomiko eta kulturalen inguruan kezka azaldu dute hainbat eragile sozialek, eta, bide ezberdinak erabiliz, euren proposamenak, protestak eta aldarrikapenak azaleratu dituzte. Era berean saiakera bat egon da gaia lokazteko: txuri edo beltzaren artean hautatu arazteko, irakurketa kritikoak estigmatizatzeko eta eztabaida errotik eragozteko.
Testuinguru honetan, azken hilabeteetan ikusi bezala, Donostian eztabaida zabal eta irekia inoiz baino beharrezkoagoa da. Ez da behar puntual edo sektorial bat; ez da udako gaia edo Parte Zaharreko bizilagunen arazoa: donostiar guztion bizitzetan eragiten duen partida dago jokoan eta geratzeko etorri da.
Kezka hauek eraginda eta ekarpena egiteko asmoz, elkar topatzeko eguna eta ordua jarri ditugu. Datorren ostiral eta larunbatean, Amarako eskolak gailentzen ari den turismo-ereduari kezka eta kritika egiten dioten ahots horien belarri eta elkar-leku izatea nahi genuke. Turismoaren gaiak agertzen dituen askotariko ertz eta ikuspegiak entzun, ulertu, ezagutu, eta horiek denak komunean jartzeko topagunea izan nahi dute topaketok.
Seguruenik, ikuspegiak eta jarduteko moduak desberdinak izanik, aurrerantzean ere gaia lantzeko hamarnaka bidek martxan jarraituko dute. Baina agian, beharrezko ikusiko dugu gaur egungo ereduari etekina ateratzen dioten gutxi horiek antolatzen diren bezala, donostiarron bizitzak erdigunean dituen hiri-eredua bilatzen dugunok ere gutxieneko adostasunetara heldu eta elkarlanean aritzea. Ez garelako turistak gure hirian eta bertan bizi nahi dugulako.
Nerea Arregi Topas