Hamar urte zituenetik korrika egiten aritu da Uxue Fraile (Amara Berri, 1974). Kirola, lasterketak eta osasunari buruzko hitzaldi batean parte hartuko du, San Telmo Museoan, urriaren 6an.
Uxue Fraile. (Argazkia: L. Ferreira)
Noiz hasi zinen kirol munduan?
Korrikalaria izan naiz txikitatik. Hamar urte nituela, atletismoan hasi nintzen, lehenengo Uliako Gimnastikan eta, gero, Donostiako Atletikon. 2007an utzi nuen, eta abenturazko probak egiten hasi nintzen. Horrek lagundu zidan pistatik mendira pasatzen, eta, 2012tik, mendiko lasterketa luzeak egiten ditut. Txirrindan ere ibili izan naiz, eta orientazioa egiten dut, baina korrika beti izan da nire kirolik gogokoena.
Hasiera-hasieratik, beraz, norbait izan duzu gidari.
Bai. Gaur egun, agian, beste modu batean lantzen da kirola haurrekin; denetarik egiten dute. Baina, garai hartan, oso bideratuta geunden, entrenatzaileak gidatzen gintuen, eta, gutxinaka, garapen bat lortzen joan nintzen. Horrela, lortu nuen 1.500-1.800 metroko probetan espezializatzea. Halere, urteak joan ahala, helburuak nik neuk jarri ditut, nahiz eta talde baten barruan egon.
Garai hartan, kirola egitearen onura eta arriskuez jakitun zinen?
Haur bat nintzenean, ez; umeak garenean, konsziente izatea ez da normalena, bideratzen gaituztenen menpe gaudelako. Ondoren, ordea, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak lizentziatura egin nuen, eta horrek jakitun bilakatu ninduen.
Beste elkarrizketa batean esan zenuen kirola ez dela osasuntsua. Hala pentsatzen jarraitzen duzu?
Egia esan, lerroburu hori irakurri nuenean, zalantzan jarri nuen esandakoa; eta, geroztik, desberdintzen ditut kirola eta jarduera fisikoa.
Zertan dira desberdin kirola eta jarduera fisikoa?
Normalean, kirola lehiaketarekin eta arauekin lotzen dugu. Jarduera fisikoan antzeko gauzak egiten dira, baina norberak ezartzen ditu arauak.
Osasunari dagokionez, jarduera fisikoa denok egin beharko genukeela uste dut, astean lauzpabost egunez. Goi mailako kirola, berriz, ez dakit osasuntsua den. Beste gauza askorekin bezala, hortan murgiltzen zarenean, kirola obsesio bilakatu daiteke, eta une horretan hasten dira arriskuak.
Zeintzuk izan daitezke korrika egiteagatik sortu daitezkeen arriskurik ohikoenak?
Gehienak giharretan gertatzen diren gainkargak dira. Bestalde, oso ohikoak dira itis-ekin amaitzen diren arazo guztiak, traumatikoak, kolpeen eraginez sortzen direnak. Desoreka handiak badaude, gorputzeko giharretan arazoak errazago sortu daitezke.
Horrelakoak ez gertatzeko, zer egin daiteke?
Batez ere, progresiboa izan, jarraikortasun bat mantendu eta kargak alternatu. Ezin da bat-batean hasi eta denetik egin, edo aste batean ariketa fisiko handia egin eta hurrengo astean ezer ez.
Ikasturte berriarekin, jendea kirola egiten hasten da berriro. Zer iruditzen zaizu?
Ez da nire estiloa. Tarteka, entrenatzaile gisa aritzen naiz, eta nabaritzen dut bi motako pertsonak daudela: denboraldia bukatu eta ez dakit zenbat hilabetez kirola alde batera uzten dutenak, eta jarraikortasun bat mantentzen dutenak. Ikasturte berriarekin kirolarekin hasteak erakusten du gizartzea erronken bidez mugitzen dela; kirola gizartearen isla bat da.
Ez dut esan nahi etenak txarrak direnik, baina jakinda tarte batez kirolik ez dugula egingo, komeni da konsziente izatea gorputza zerotik hasiko dela. Gainera, gertatzen da erronkak jartzen dizkiogula gure buruari: Datorren urtean marka hobetuko dut, ordu bat eta 30 minutu! Baina hortaz oroitzerako, berandu da, ez dugulako gure gorputza horretarako prestatu, eta norberak bere gorputza ezagutzea da garrantzitsuena.
Irailarekin batera lasterketak ere hasten dira, tartean, Behobia-Donostia.
Hala da. Uda ondoren hasten dira, batez ere, asfaltozko lasterketak, denak batera eta denetara joan behar dela dirudi. Ni ez naiz horren aldekoa. Behobia-Donostia oso errotuta dago, baina kontuan izan behar dugu hori egiteko prest gauden edo ez.
Ondo prestatuta joaten da jendea lasterketa horietara?
Denetik dago, baina egia da gero eta prestatzaile gehiago dagoela eta hori lagungarria dela. Azken finean, oinarrizko ezagutza bat izatea ezinbestekoa da. Adibidez, josten ez badakit, ikasi beharko dut edo jostari batengana jo.
Dena den, proba luzeen atzetik lan handia dago, eta ez da berdina hasiberri batentzat edo kilometro eta esperientzia asko duen norbaitentzat. Proba luzeak egiteko lehenengo errazagoetatik hasi beharra dago.
Kirola, lasterketak eta osasuna izango dituzte hizpide
Lasterketak jarduera garrantzitsuak izaten dira kirolarientzat eta aldagai askok eragin dezakete euren errendimenduan. Izan ere, epe labur batean esfortzu fisiko handia egiteak onurak zein arriskuak izan ditzake eta kontuan hartu beharreko faktore asko daude.
Horren harira, kirol eta osasun alorretako hainbat adituk aztertuko dute kirolak, lasterketak eta osasunak elkarri nola eragiten dioten. Hitzaldia datorren ostiralean izango da, urriak 6, 19:00etatik aurrera, San Telmo Museoan. Behobia-Donostia lasterketa arrakastatsua hurbiltzen ari dela kontuan hartuta, kirolariek lasterketak segurtasunez egiteari buruz hitz egingo dute eta Europa mailaraino heldu den ikerketa baten ondorioak aurkeztuko dituzte, besteak beste.
Behobia-Donostiako koordinatzaile Iñigo Etxeberriak egingo du hitzaldiaren sarrera, Donostia Unibertsitate Ospitaleko mediku Felix Zubiak ikerketa medikuaren azalpena, eta, ondoren, mahai inguru bat egongo da. Bertan hartuko dute parte Uxue Fraile kirolariak, Felix Zubiak, Arantxa Errazkin Bidasoa ESIko mediku eta kirolariak eta Iñigo Etxeberriak. Moderatzaile lanetan Arritxu Iribar kazetaria ariko da.
Antolakuntzan, osasun, kirol eta euskara arloko hainbat erakunde eta eragile daude: Bidasoaldeko eta Donostialdeko Osakidetza, Bagera elkartea, Behobia-Donostia lasterketa, San Telmo Museoa, Urrats euskaltegia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala.