Gero eta zabalagoa da Booktegi
Aritz Brantonek abiatu zuen Booktegi ataria, joan den martxoan. Euskal kulturan bi hutsune nagusi ikusten zituela eta animatu zen proiektua egia bihurtzera. Batetik, liburu elektronikoen erabilera txikia iruditzen zitzaion, eta, bestetik, euskal literaturak askotan bizitza laburra izaten duela ikusten zuen, kalitate oneko lanak izanda ere. Horrela bada, idazle ezagunei euren lanak eskatzen hasi zen, liburu horiek bigarren ibilbide bat izan zezaten, eta 20 libururekin zabaldu zuen webgunea. Azken batean, liburuak era elektronikoan eta doan eskuratzeko plataforma bat da Booktegi, eta izandako erantzun onaren ondorioz, liburu eta atal gehiago ere jaso ditu pixkanaka.
Gunea ezagunagoa egiteko eta egindako bidearen berri emateko, emanaldi bat prestatu dute urriaren 9rako, Koldo Mitxelena Kulturunean. Horren guztiaren bueltan hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk Aritz Brantonekin, eta erreportajea argitaratuko du ostiraleko astekarian.