Ander Edo: 'Astiñeneko deabruak'
Elezaharrak dio Arrosako herrian zubi bat egin behar zutela. Lana hargin bati eman zioten, eta honek egun jakin baterako amaitzeko hitza eman zuen. Eguna gerturatzen joan ahala, ikusi zuen ezin izango zuela agindutakoa bete, eta kezkatzen hasi zen.
Hara non azaldu zitzaion deabrua, eta bere arimaren truke agindu zion lana bukatuko zuela gau horretan bertan, oilarrak kukurruku egin baino lehen. Arginak gehiegi pentsatu gabe onartu zuen tratua. Eguzkia gorde orduko hasi ziren deabruak lanean, “To harria, hartzak harria…”, esaten omen zuten harriak mugitzen zituzten bitartean. Eta herritarrak beldurtuta, hotsak entzun bai, baino ez zutelako zubian inor lanean ikusten.
Egin zuenaz jabetu zenean kezkatzen hasi zen hargina, izan ere lana garaiz amaitzearen truke zer eta bere arima eskaini zuen. Orduan emazteak esan zion ez kezkatzeko, berak konponduko zuela dena. Gauerdian kandela piztuta sartu zen oilategira, eta oilarrak argia atzeman orduko sekulako kukurrukua egin zuen. Deabruek hau entzutean korrika eta garrasi batean handik alde egin zuten. Zubia amaitu gabe geratu zen, harri bakar baten faltan, eta harginak salbatu zuen bere arima.
Guk dakigunik ez da deabrurik Astiñeneko zubiaren inguruan lanean. Hala ere auzotarrok kezkaturik gaude, izan ere, ez dugu langilerik ikusten zubiaren bueltan, baina diotenez, ari dira zerbait egiten. Dena den, lasai, udalak eman zituen epeak ez dira bete, baina arima saltzeko larritasunik ez zaio atzematen (larritasuna baino gehiago, patxada kezkagarri bat nabaritzen dugu auzoan).
Barkatuko didazue bigarrenez gai berdina errepikatzea zutabe honetan, eta aitortuko dizuet zalantzak izan ditudala. Azkenean, ordea, arazo berdinaren inguruan idaztea erabaki dut, izan ere zutabe hau errepikatzen dudan bezala errepikatzen da arazo bera egunero bide luzeago bat egin behar duten auzotarrentzat. Bitartean, esperoan jarraituko dugu, eta batek daki, agian deabruek ekartzen dute Astiñeneko zubian falta den azken harria.