Babesteko hainbat ondare
600 alegaziotik gora jaso ditu Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziak. Orain, udalak berrikuspen fase bat abiatuko du egindako alegazioak onartu ala ez erabakitzeko.
Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko (EHOBPB) 600 alegaziotik gora aurkeztu dituzte hiriko hainbat eragilek eta norbanakok. Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak alegazioak jaso ondoren azaldu du askok proposamen berbera egin dutela, eta alegazio kopurua ia erdira murriztu dutela.
Hainbat izan dira udalari babes proposamenak egin dizkieten elkarteak. Horien artean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentua eta hiriko ondarea defendatzen duten elkarteak. Esaterako, Altzako Historia Mintegia eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, eta elkargo horretako Ondare Batzordea.
Guztira 600 alegazio aurkeztu dituzte hiritarrek Donostiako ondarea babesteko eskatzeko. Eraikinei dagokienez, honako hauek nabarmendu ditu Ramosek: Ramon Maria Lili kaleko Urumea eraikina eta Donostiako EUTG Unibertsitatea. Bestalde, azpimarratu du hainbat alegaziok eskaera berbera egin dutela. Hauek izan dira errepikatuenetako batzuk: “Sekundino Esnaola kaleko aurreko mendeko lehen erdiko eraikin guztiak, Luzuriagak Altzan dituen bulegoak, Antiguako Alfontso XIII.aren plazako merkatua, Union Farmaceutica enpresa gipuzkoarraren Igarako eraikina, eta Gipuzkoako Bazkundea Tolosa hiribidean”.
Beste hainbat proposamen ere nabarmendu nahi izan ditu Hirigintza zinegotziak; tartean, Egia auzoko zenbait elementu, hala nola, Alkolea etxea (gaur egun, Quiron klinika) eta Konkorreneako etxebizitza sozialak. Bestalde, Zabalguneetan 50 eraikinetik gora babestea proposatu dute; esaterako, Askatasunaren hiribideko 1. zenbakiko eraikina, garai batean Telefonicaren egoitza izan zena, eta Kontxa pasealekuan eta Zubieta kalean dauden zenbait eraikin. Azkenik, Kutxak Garibai kalean duen eraikina eta Bulebarreko 17. zenbakia babestea ere eskatu dute.
Dena den, azaldu dute eraikinak ez ezik, bestelako elementu batzuk babestea ere proposatu dutela zenbait alegaziok: esate baterako, hiriaren historiarekin lotuta dauden denda batzuk, horien artean, Leclerq kapela denda, Ponsol etxea eta Cabra harategia.
Juan Etxeberria Gipuzkoako Arkitektoen elkargoko idazkariak adierazi du hiriaren filosofiarekin bat egiten zuten eraikinak babestea zela beraien asmoa, “eraikinen katalogo bat osatzea baino gehiago”. Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Ondare Batzordeak egin ditu proposamenak, eta nabarmendu du berritasun gisa eraikin berriak babesteko eskaria egin dutela: “Etxebizitza sozial batzuk babesteko eskatu dugu, esaterako” Bestalde, 60ko hamarkadako hainbat eraikin industrial ere babestu nahi izan dituzte; baita garai bereko hainbat ikastetxe ere; horien artean, Zubiri-Manteo ikastola eta Karmelo ikastetxea. Etxeberriak azpimarratu du eraikin berriei ez zaiela “behar besteko garrantzirik aitortzen”, eta, ondorioz, azken urteetan balio handiko hainbat eraikin galdu dituela hiriak.
Aldaketak nahi dituzte
Etxeberriak azaldu du eraikinak babesteko aurkeztutako alegazioez gain, babes maila jaistea helburu duen proposamen batzuk ere aurkeztu dituztela: “Etxebizitza batzuk babes maila altuegia izaten dutela uste dugu, eta sarri hori ere arazo bat izan daiteke”.
Asko izan dira elkarte eta norbanakoek egin dituzten alegazioak, eta, ondorioz, Ramosek aurreratu du alegazio batzuk onartzeko aukeraz gain, agian, EHOBPB berrikusteko prozesua hasi dezaketela.
Horixe da, hain zuzen ere, Altzako Historia mintegiak eskatzen duena. Iñigo Landa mintegiko kideak azaldu du Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziak ez duela Altzako ondarea aintzat hartzen: “Donostiako Udalak onartutako planek ez dute Altzaren ondarea babesteko balio izan, aitzitik, gure ondarea degradatzen eta desagertzen laguntzeko tresnak izan dira”. Hori dela eta, Altzako hainbat ondare babesteko eskatu dute: tartean, Altzako Kaskoa, Arzak eta bere armarria, hilerria, Buenavista hiribidea, Altzako erretegia eta Herrerako tren zubia.
Landak salatu du kultur ondareak “hirigintzaren menpe” jarraitzen duen bitartean “jai” daukatela: “Prentsaren bitartez jaso duguna da ez dutela eredua aldatu nahi, eta garbi dago hiriaren postaleko irudia dela inporta zaien kontu bakarra”.
Haserre daude Altzako Historia Mintegiko kideak. Izan ere, uste dute alegazioak aurkezteko jarritako bidea ere ez dela egokiena izan. Hirigintza sailak alegazioen epea udarako bi hilabeteetara soilik mugatu zuen eta Landak dio hori “esanguratsua” dela: “Garai horretan jende gehienak oporrak hartzen ditu eta elkarteen jarduerak ere gelditu egiten dira». Gainera, gogorarazi du aurreko hilabeteetan udal erregistroan sartutako idatziak berriro aurkeztu behar izan dituela: «Nekarazi nahi gaituzte, baina Altzako ondarea ezagutzera emateko lanean jarraituko dugu”.