Uda pasa arren, turismoaren gaiak pil-pilean jarraitzen du. Horren harira, topaketa batzuk egin dituzte; gaia azaleratzeaz gain, irtenbide batzuk bilatzen saiatu dira.
Turismoari buruzko topaketetako hausnarketa tailerraren irudi bat. (Argazkia: Lide Ferreira)
Ez garelako turistak gure hirian lelopean, turismoaz pentsatzeko topaketa herritarrak egin zituzten asteburuan. Bi eguneko egitaraua antolatu zuten, eta eragile zein norbanako desberdinek parte hartu zuten. Topaketak amaitzeko, hausnarketa tailer bat egin zuten, Ura dugu leporaino eta euria hastear dago. Zer egin? izenburupean.
Bertan, turismoaren arazoa aztertzeaz gain, aurrera begirako proposamenak egin zituzten. Hala, talde txikietan jarri ziren lehenengo, eta, ondoren, talde handian partekatu zituzten ideia nagusiak.
Batzuek ondorioztatu zuten topaketetan parte hartu zuten eragileen artean mugimendu oso ezberdinetako jendea dagoela, baina denak bat datozela turismoaren kezkarekin: «Eragileak oso anitzak dira, eta desadostasunak egon daitezke, baina, turismoak batzen ditu. Gainera, turismoa gai zabal bat da; betidanik eman izan diren borrokak barnebiltzen ditu: etxebizitza, prekarietatea… Lehen, kapitalismo edo neoliberalismo hitzak erabiltzen ziren horiek aldarrikatzeko, orain, berriz, turismoa. Herritarrek ulertzeko errazagoa da azken hori».
Bestalde, Donostia aldaketa jasaten ari dela nabarmendu zuten: «Metroa, merkataritza gune gehiago, hotel ugari… Ezagutzen dugun hiria fisikoki aldatzen ari da». Baina hiriaren izaera ere aldatzen ari dela diote: «Giroa aldatzen da, espazioa, kalean jende asko dago… ingurua garbitzen dute turistentzako». Azken finean, interes pribatu eta herritarren interesen artean talka bat dagoela azpimarratu zuten.
Horrek guztiak, besteak beste, eragiten du jendeak erdialdetik alde egin eta inguruko auzo eta herrietara joan behar izatea: «Arazoa ez da bakarrik etxebizitzen prezioak gora egiten duela, baizik eta zaila dela aurkitzea etxebizitza bat. Horren adibide argiena Parte Zaharra da. Auzotarrak kanporatzen ari dira, eta, masifikazioagatik, gero eta donostiar gutxiago doaz bertara. Hiria lapurtzen ari gatzaizkigu».
Parte Zaharreko egoeraren lekuko, adibide bat jarri zuten: «Aisialdi talde batek esan digu jarduerak egiten ari direnean haurrekin, turistek argazkiak egiten dizkietela. Pairatzen ari direnarekin, Parte Zaharrekoek eurek turismoa beste modu batean egiten dute. Esaterako, aisialdi talde horrek asmoa zuen udako aste batean udalekuetara joateko, 80 biztanleko herri txiki batera. Baina jakin zutenean aisialdiko beste bost talde joango zirela, erabaki zuten beraiek beste aste batean joatea, masifikazioa saihesteko».
Horretaz gain, «etsaiaren diskurtsoa» ez dela oso indartsua nabarmendu zuen talde batek: «Nahiko ahula da komunikatiboki, eta horrek gure alde egiten du».
Egoera horri aurre egiteko, beraz, hainbat proposamen egin zituzten topaketetan. Eragile askoz osatutako elkarlan sare bat sortzeko ideia atera zen; erakundeei presioa egiteko ekintzak antolatzea eta espazio publikoa berreskuratzea, besteak beste. «Adibidez, elkarlan sare bat sortuz gero, bilera bat egin daiteke plaza batean, kalean, gune publiko horiek berreskuratzen joateko. Borroka diskurtsiboa baino gehiago, gauzak egin behar dira; eta pertsona zehatzen kasuak azaleratu, ez geratu diskurtso abstraktuetan», azaldu zuen talde batek.
Gatazka ikusaraztea
Argi dute udako eztanda komunikatiboa abiapuntu bat dela diskurtso bateratu bat sortu eta lanean hasteko: «Masa kritiko bat sortu behar da eta komunikabideen manipulazioari aurre egin. Gaia erabili behar da auzoak berpizteko, eta, nola ez, gatazka ikusaraztea ezinbestekoa da», esan zuen parte hartzaile batek. Adibide gisa jarri zuten Parte Zaharrean okupatzen ari diren etxebizitza: «Okupazioa, adibidez, tresna bat da turistifikazioari aurre egiteko».