Espartxoko zubia berritzeko proiektua onartu du udalak
Kosten Zuzendaritzak hiriko bi zubi berritzeko baimena eman zion irailean, Donostiako Udaleko Proiektu eta Obren Zuzendaritzari. Horrela, Egia eta Loiola lotzen dituen Sarasola zubia eta Txomin Eneako Espartxoko zubia berritu ahal izango dituzte.
Sarasola zubiak itxita jarraitzen du, zutabeetako batean pitzadura bat aurkitu zutelako.
Txomin Enean dagoen Espartxoko zubia berritzeko proiektua onartu du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Arenas y Asociados S.L. enpresak egin du proiektua, eta 2.874.961,88 euroko aurrekontua du. Hamalau hilabeteko epea dute eraikitzeko.
Gaur egun, bi zutabe ditu Espartxoko zubiak, eta Urumea ibaia oztopatzen dute uraren maila handitzen denean. Diseinu berriari esker, uholdeak saihesteko aukera handiagoa izango dela dio udalak.