Eneko Goia: "Ez da berri ona Uliako etxebizitzen proiektuaren inguruko ebazpena"
Udalak ez du helegiterik aurkeztuko, baina etxeak eraikitzeko asmoa ez du baztertzen
EAEko Auzitegi Nagusiak Uliako parkean 70 etxebizitza egiteko proiektua gelditu ondoren, Eneko Goia Donostiako alkateak erabakiaren balorazioa eskaini du Tokiko Gobernu Batzordearen ondoren.
“Ez da berri ona Uliako parkearen inguruko ebazpena”, adierazi du Goiak. Prozedura akats baten ondorioz, proiektua Hiriko Plan Orokorrak zehazten duen egoerara itzultzen dela azaldu du alkateak. “Luxuzko 30 etxebizitza eraikitzeko egoerara itzuli gara. Hori da hasieran aurreikusten zena, eta aldatu nahi izan genuena”.
Udalak ebazpena aztertuko du, baina ez du helegiterik aurkeztuko Goiak baieztatu duenez. Dena dela, Uliako parkean gazteentzako 70 etxebizitza egiteko proiektua ez du baztertuko udalak. “Ez diogu uko egiten proiektuari. Denbora asko behar da tramitazio berri bat egiteko, beharrezko ingurumen txostenekin. Baina posible da”.