Gastronomika kongresuan egin dute agerraldia, hainbat euskal sukaldarien babes zabalarekin; bi proiektuetan parte hartuko dute, 500 errefuxiaturi jaten emateko.
Zaporeak proiektua, Gastronomika kongresuan. (Argazkia: Zaporeak)
2016an
Gastronomikak tarte berezia eskaini zion
Zaporeak proiektuari, aurkezpen ekitaldian aipamena eginez eta kongresuak iraun zituen hiru egunetan dirua bilduz. Iazkoan emandako babes horri erantzunez, testuinguru hori aukeratu du Zaporeak proiektua Greziara itzuli dela jakinarazteko. Prentsaurrekoan parte hartu dute Zaporeak Proiektuko kide Oraitz Garcia eta Peio Garcia Amianok,
Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak eta
Proactiva-Open Arms elkarteko formakuntza zuzendari Xabi Aranburuk. Gainera,
euskal sukaldari askoren babesa jaso dute; tartean, Juan Mari eta Elena Arzak, Pedro Subijana eta Iñigo Lavado.
Oraitz Garciak azaldu duenez,
bi proiektuetan parte hartuko du Zaporeak-ek, 500 errefuxiaturi jaten emateko. Uztaila eta abuztuan proiektuko lau kide Grezian izan ziren martxan dauden proiektuak ezagutu eta aztertzeko. Bidaia hartatik idatzitako txostena aztertuta,
Patras eta Atenaseko Victoria Social Centerreko proiektua babestu eta laguntzea adostu zuten.
Boluntarioak jada iritsi dira
Iraila erdialdetik ari dira Zaporeak Proiektuko boluntarioak Patrasen laguntzen. Suitzako Food Kind elkarteak abian jarritako proiektua da Patrasekoa. 2017ko urte hasieratik daramate lanean bertan eta egunean 350 errefuxiaturi otordu bat jaten ematen diete. Larunbatean, urriak 7, lehen bidaia antolatu zuen Zaporeakek eta hiru boluntario dabiltza dagoeneko lanean.
Helburua, pixkanaka Chioseko menuak prestatzea eta sukaldea materialez hornituta egitura hobetzea.
Gaur, urriak 10,
lehen boluntario taldea doa Atenasko Victoria Social Centerrera. Espainiako SOS Errefuxiatuak taldeak kudeatutako eraikin eraberritua da Victoria Center eta Zaporeak Proiektuak sukaldea kudeatuko du; momentuz, 100 errefuxiatuentzako otorduak prestatzeko.
Basque Culinary Center eta Proactiva Open Arms-en babesa
Udan zehar Basque Culinary Centerreko ikasleak Zaporeak Ppoiektuarekin lanean izan dira hainbat proiektuetan.
Bi ikasle Chiosen izan dira BAAS elkartean kudeatzen duen eskolan sukaldaritza ikastaroa ematen. Abuztua eta irailean, Atenasko City Plazako sukaldean funtzionamendu hobekuntzak egin zituzten eta
ikasle batek Proactiva-Open Armse-n Golfo Azzurro barkuan hamabost egunez egon zen janaria prestatzen. Hemendik aurrera ere elkarlanean jarraituko dutela adierazi du Aizegak.
Aranburuk azpimarratu du itsasontzietan sukaldaria dela giltzarria kapitainarekin batera, garrantzitsua dela sukaldariaren lana, gainontzekoek euren lana aurrera ateratzeko. Horregatik jo zutela Zaporeak-engana. Une honetan bi proiektu dituzte martxan: 2015az geroztik Greziako Lesbos uhartean abian dutena da, eta Mediterraneo itsasoan 2016ko uztailaz geroztik martxan dutena, 40 misio baino gehiago egin dituzte Libiatik irteten diren ontziak laguntzeko.
Prentsaurrekoa amaitu baino lehen, Peio Garcia Amianok
euskal gizartea solidarioa dela azpimarratu du eta bide horretan laguntza deia luzatu dio gizarteari, bi behar nagusi azpimarratuz:
elikagaien beharra, Atenas biltegi bat kokatzeko asmoa dute eta hori hornitzeko elikagaiak beharrezkoak dituzte,
eta furgonetarena, furgoneta bat behar dute elikagai horiek zelaietara banatzeko. Horretaz gain, laguntza ekonomikoa ere ongietorria dela adierazi du.